Teknologia -
Sare Sozialen Ikerketa
Sare sozialen erabiltzaileen %77k egunero baliatzen dituzte
Ikerlana IAB Spainek egin du bosgarren urtez, Espainiako komunikazio eta publizitate digitalaren sektorea aztertzen duen erakundeak.
IAB Spainek (Espainiako komunikazio eta publizitate digitalaren sektorea aztertzen duen erakundea) egindako ikerketa baten arabera, sare sozialen erabiltzaileen %77k egunero baliatzen dituzte sareok.
2012ko datuekin konparatuta, %7 jaitsi da erabiltzaileen jarduna (%43 izatetik %36ra pasatu da). Dena dela, bada datu harrigarri bat: urte bakar batean, erabiltzaile bakoitza 2,6 profil izatetik 3,6 profil izatera pasatu da. 2010. urtean 1,7koa zen batez bestekoa.
Hala eta guztiz ere, sare sozial gehiago edukitzeak ez du esan nahi erabiltzaileen jarduera handitu denik. Datuek kontrakoa erakusten dute, erabiltzailea pasiboagoa bihurtu dela. %66k adierazi dute sare sozialak beste erabiltzaile batzuen jarduna aztertzeko erabiltzen dituztela, eta %51k, musika entzuteko edota bideoak ikusteko erabiltzen dituztela. %70 'smartphone'-aren bidez konektatzen dira, eta %56k tableta erabiltzen dute.
Sare arrakastatsuenak
IAB Spain erakundearen ikerketaren arabera, sarerik ezagunena Facebook da: erabiltzaileen %99k ezagutzen dute. Ondoren, Twitter dago (%92), eta gero, Youtube (%88). Baina sare arrakastatsuena, erabiltzaileen balorazioak kontuan hartuta, Youtube da, batez besteko 8,1eko notarekin. Atzetik datoz Facebook (7,9), Spotify (7,7), Pinterest (7,4) eta Twitter (7,3), hurrenez hurren. Guztiek ere batez bestekoa baino nota altuagoa lortu dute: 6,9tik gora, alegia.
Zertarako erabiltzen dira?
Ikerketak erakusten duenez espainiar erabiltzaileen %41ek marken jarraipena egiten dute sare sozialetan, bai lan-eskaintzengatik (%78k), bai deskontuengatik (%77k), bai bezeroenganako arretarengatik (%70ek).
Markak jarraitzen dituztenen gehienek, gainera, Facebook erabiltzen dute (%93k), eta ondoren Twitter (%20k), Youtube (%9k) eta Google+ (%7k).