Teknologia -
Interneterako konexioa
Googlek Facebooki aurrea hartu dio Titan Aerospace erosita
Googlek aireko teknologia gehiago izan nahi du irudiak jaso eta Interneten estaldura zabaltzeko mundu osoan.
Erredakzioa
Goooglek Titan Aerospace erosi du, The Wall Street Journal egunkariak zabaldu duenez, baina ez dute jakitera eman zenbat ordaindu duen droneak egiten dituen enpresa hori bereganatzeko.
Eguzki energiarekin dabiltzan eta urte askotan hegan egiteko pentsatuta dauden drone horien egilea erosita, Googlek aireko teknologia gehiago izan nahi du irudiak jaso eta Interneten estaldura zabaltzeko mundu osoan.
The Wall Street Journal egunkariaren arabera, urte hasieran Facebook sare sozialak elkarrizketak izan zituen Titan eskuratzeko, baina azkenean Ascenta konpainia aeroespazial britainiarra eskuratu zuen, 20 milioi dolarren truke (14,5 milioi euro).
Titan enpresak eta enpresa horretako 20 langileak Mexikon jarraituko dute, eta Vern Raburn kontseilari delegatuak jarraituko du hori zuzentzen. Symantec enpresan eta Microsoft enpresako kontsumorako produktuen alorrean arduradun nagusia izan zen aurretik.
Titan enpresako lantaldea Loon proiektuan arituko da lanean, garaiera handian eutsi eta gaur egun munduan konexiorik ez duten guneetara Interneten seinalea eramango duten globo izugarriak egiten.
Halaber, Googlek eskuratu berri duen enpresak Makani proiektuarekin ere egingo du lan. Googlek lehen fasean duen proiektu horretan, haizeak martxan jarriko duen eta energia eraginkorrago sortuko duen turbina bat garatzen ari dira.
Lantalde hauek ibilgailu hegalari arinak egiteko material aurreratuak diseinatzeaz eta haizearen norabidea aurreikusteko eta hegaldia planifikatzeko algoritmoak egiteaz ere arduratuko dira.
Titanen esanetan , gidaririk gabeko hegazkin horiek lurraren bereizmen handiko irudiak hartu ahalko dituzte denbora errealean, eta sentsore atmosferikoak eraman ahalko dituzte, baita ahots eta datuen trafikoa eskaintzeko zerbitzuak ere, eta horrek taldeko beste negozio batzuei ere lagunduko dio, mapa zerbitzuari esaterako.