Teknologia -
Segurtasun akatsa
Microsoftek kalteak aurkitu ditu Internet Explorer nabigatzailean
Baliteke Internet Explorer nabigatzailearen 6. eta 11. arteko bertsio guztiek jasan izana kalteak, baina dirudienez 9. 10. eta 11. bertsioek izan dituzte kalte handienak.
Erredakzioa
Microsoft enpresak apirilaren 26an ohartarazi zuen Internet Explorer nabigatzaileak segurtasun akatsa duela. FireEye segurtasun enpresak horren berri eman eta gero egin zuen iragarpena Microsoftek, komunikatu baten bitartez.
Baliteke segurtasun akatsak Internet Explorer nabigatzailearen 6. eta 11. arteko bertsio guztiei eragin izana, baina bereziki 9., 10. eta 11. bertsioei eragin omen die. Nabigatzaile horren bertsio horiek dituzten erabiltzaileek, beraz, erne egon beharko dute.
“Zero-day” izenaz ezagutzen den erasoa segurtasun akatsa aurkitzen denean gertatzen omen da; urrutiko kode maltzurrak exekutatzea ahalbidetzen du, memoria manipulatzeko, flash artxiboen bidez. Horrela, Internet Explorer nabigatzailearen erabiltzaileari web manipulatu bat erakusten dio erasotzaileak, segurtasun akats horri etekina ateratzeko.
Oraingoz ez dago partxerik akats horri aurre egiteko, baina, enpresatik iragarri dutenez, lanean ari dira arazo hori lehenbailehen konpontzeko, eta baliteke hilean behin programa eguneratzeko kaleratzen duten bertsioan arazoa bideratuta izatea.