Teknologia -
Nazioarteko Jardunaldia
Gailu teknologiko berrienak, Bilboko Sherpa Summiten eztabaidagai
Appleko hainbat aholkulari ohi izango dira aurtengo edizioan. Halaber, 1.200 parte hartzailetik gora espero dira, iaz baino gehiago.
Erredakzioa
Gizakiaren eta makinen arteko interakzioa hobetzeko gailu berrien garapen sakona izango da Sherpa Summit Interneteko Nazioarteko Jardunaldiaren protagonista. Bilbok hartuko du teknologia berriekin lotutako ekimen hau, datorren asteartean.
Alor teknologikoko Espainiako ekintzaile ezagunenetarikoak izango dira bertan, baita Appleko aholkulari izandako hainbat ere, besteak beste, Doug Solomon Appleko nazioarteko estrategiarako zuzendari ohia eta John Sculley.
Teknologia aurreratuen munduan erreferente izan nahi du Sherpa Summitek. Bigarren edizio honetan, 1.200 parte hartzailetik gora izatea espero dute. Aurten, bereziki bi gai izango dituzte hizpide: Interneteko bilatzaileen hurrengo belaunaldia, eta erabiltzaileek "jantzi" ditzaketen gailuek eskainiko dituzten aukerak eta esperientziak (errealitatea handitzeko betaurreko inteligenteak, erlojuak...).
Xabier Uribe-Etxebarria jardunaldia antolatu duen Sherpa enpresaren sortzailearen hitzetan , teknologia berrien iritsiera aztertzea izango da topaketen helburua. Ekimenak, besteak beste, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Euskaltel ditu laguntzaile.
"Gailu berriek negozio egiteko aukera handiak eskaintzen dituzte", azpimarratu du Uribe-Etxebarriak. Ingeniari hau eskuko telefonoentzako Sherpa izeneko laguntzaile pertsonal arrakastatsuaren sortzailea da.
Uribe-Etxebarriak azaldu duenez, "jantzi" ditzakegun gailuak oraindik lekua hartu barik daude merkatuan, eta gutxiengo baten esku daude. Izan ere, garatzaileak eta enpresak lanean ari dira, erabiltzaileen beharretara egokitzeko. Gailu horiek kontsumo-gailu bihurtzea bilatuko du Bilboko jardunaldiak.