Teknologia -

Jardunaldia

Berdintasuna, legedia eta komunikabideak, 2014ko EBEuskadin

Larunbat honetan, urriak 25, izango da Bilbon, 09:45etik aurera, EHUren egoitzan, Guggenheim Bilbao Museoaren parean.

EHUko Bizkaia Aretoan izango da EBEuskadi 2014. Argazkia: EHU
EHUko Bizkaia Aretoan izango da EBEuskadi 2014. Argazkia: EHU
EHUko Bizkaia Aretoan izango da EBEuskadi 2014. Argazkia: EHU

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare sozialetan parte-hartzea genero ikuspegitik, legezkotasuna Interneten, eta sare sozialek irrati eta telebistan izan duten eragina izango dira aurten EBEuskadi 2014 ekimenean jorratuko diren hiru gai nagusiak. Jardunaldia, urriaren 25ean izango da Bilbon.

09:45ean hasiko dira Internet & Euskadi euskal internauten elkarteak antolatutako hitzaldiak. Ekimenak Euskal Herriko Unibertsitatearen, Irekia gizartearen parte-hartzea bultzatzeko euskal atari publikoaren eta EiTBren (eitb.eus webgunearen bitartez) babesa ere badu.

EHUren  Bizkaia Aretoaren Baroja gelan (2. solairua) ospatuko da EBEuskadi2014, Abandoibarra etorbidean, Guggenheim Bilbao museoaren parean.

Jardunaldiari hasiera emateko, EiTBrekin harremana duten profesionalek mahai-ingurua egingo dute, euskaraz, telebista, irratia eta sare sozialen erabilera profesionalari buruz. Reyes Prados kazetariak ("Euskadi Directo" saioko aurkezle izan da, eta #Poziktibity euskara bultzatzeko ekimenean “euskaldun berri” eredugarri gisa parte hartu du), Oihan Vega Gaztea irratiko esatari eta “Disko Festa” ekimeneko DJak, Jose Luis Blanco ETBko Programazio zuzendariak eta Eider Jauregi eitb.eus-eko Community Managerrak parte hartuko dute.

Mahai-inguru hori Lontzo Sainz EiTBneteko parte-hartze eta sare sozialen arduradunak moderatuko du.

Legezkotasuna Interneten

Bigarrena, ordena kronologikoan, legezkotasuna Interneten izango da, eta, besteak beste, “streisand efektuaz” hitz egingo da, ahaztua izateko eskubideaz eta cookien legeaz. Hauek dira parte-hartzaileak: Maitane Valdecantos abokatu ekonomista eta Eurotax Taldeko Jabego Intelektual, Industrial eta TIC Zuzenbideko arduraduna; Marta Moreno Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle eta ikertzailea (abokatua ere bada); Ruth Sala abokatu Penalista (delitu teknologiko eta proba digitaletan espezialista); Alvaro Bohorquez tartekako “troll”-a, bloggerra eta kazetaria; eta Mikel Ortiz antimilitarista, bilbotarra, irakaslea, “geek”-a, biologoa, euskalduna eta prokrastinadorea.

Alberto Cabello Diseño Web Veiss Comunicacion enpresako arduradunak moderatuko du saio hau.

Komunikabide sozialak, genero ikuspegitik

Jardunaldia ixteko, “Sare sozialetan parte-hartzea, genero ikuspegitik” gaia jorratuko da. Euskadin izan ditugun emakumeen enpoderamendu digital kasuak jarriko dira mahaiaren gainean, eta, besteak beste, emakumeek sare sozialetan duten jardunaren inguruan dagoen irudiari buruz hitz egingo da.

Ana Vitorica Ikanos Proiektuaren zuzendariak, Lorena Fernandez Deustuko Unibertsitateko Identitate Digitaleko zuzendariak, Estibaliz Caceres Teknologia Berrietan hezitzaileak eta Mikel Agirregabiria hezitzaile eta bloggerrak parte hartuko dute.

Mentxu Ramilo Araujo Zientzia Politikoetan eta Administrazio Zientzietan doktoreak moderatuko du eztabaida.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Sare sozialak berriak