Teknologia -
Espazioa
Philae zunda 'lo' dago, datu garrantzitsuak igorrita
Kometaren lurra zulatzea lortu du Philaek, eta garrantzia handiko datuak igortzea lortu du.
Erredakzioa
Europako Espazio Agentziaren (ESA) Philae zunda ‘egoera inaktiboan’ sartu da. Zundari bateria agortu zaio, eta ez du nahikoa eguzki-argi bateria berriz ere betetzeko. Zunda osatzen duten gailuak eta sistemak itxi egin dira.
“Lozorroan sartu aurretik, ordea, jaso ahal izan dituen datu guztiak igorri ditu zundak”, azaldu du Stephan Ulamec arduradunak.
Kometaren lurra zulatzea lortu du Philaek, eta termometro bat jarri du gainazalean.
“Moduluak modu paregabean lan egiten du baldintza zailetan eta arro egon gaitezke Philaek lortu duen arrakastaz”, gaineratu du Ulamecek.
Zundarekin harremana goizaldeko 01.36an galdu dute, aurreikusita zegoena baino apur bat lehenago.
Hemendik aurrera ez da inongo harremanik posible izango, eguzki-argiak berriz ere bateriak betetzea lortu ezean.
Kontrolatzaileek seinale berriak igorriko dituzte datozen orduetan, argiak modulua birkargatu duen konprobatu ahal izateko.