Teknologia -

Mobile World Congress

Internet.org operadoreentzako errentagarria dela uste du Zuckerbergek

Horregatik, SMS eta deiak kobratzeko negozio eredua baztertzeko eskatu die Facebookeko fundatzaileak telefonia mugikorreko operadoreei.

Mark Zuckerberg Facebookeko fundatzailea eta presidentea. Argazkia: EFE
Mark Zuckerberg Facebookeko fundatzailea eta presidentea. Argazkia: EFE
Mark Zuckerberg Facebookeko fundatzailea eta presidentea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduan 1.000 milioi pertsona baino gehiago konektatu nahi dituen Internet.org proiektua defendatu du gaur Mark Zuckerberg Facebookeko fundatzaile eta presidenteak. Datuen komertzializazioari esker egitasmoa telefonia mugikorreko operadoreentzako errentagarria izango dela uste du Zuckerbergek.

Bartzelonan, Mobile World Congress (MWC) komunikazio mugikorren gaineko kongresuan, hitzaldia eman du sare sozialaren sortzaileak. SMS eta deiak kobratzean datzan negozio eredua baztertu eta teknologia horien erabilerak sortzen dituen datuetara bideratzeko eskatu die Zuckerbergek operadoreei.

Konexio sareak sortzeko orduan operadoreen papera goraipatu du Zuckerbergek, eta Facebook eta WhatsApp doako komunikazio produktuek enpresa horien diru-sarrerak “jateko nahia” ukatu du. Horren harian, guztia doakoa izatea bermatzeko kultura bat inposatu nahia ukatu du.

Hirugarren munduko herrialdeetan Internet ezartzeko Google konpainiarekin lan egiteko aukera planteatu diote Facebookeko presidenteari. Helburu berdina dutenez, lankidetza posible dela adierazi du Zuckerbergek, “seguru”. Lehentxeago Sundar Pichai Googleko presidenteordeak esandakoarekin bat egin du Facebookeko sortzaileak.

Datuen kontsumoa

Internet konpainiek eta, batez ere, sare sozialek operadoreen negozioa bultzatzen dutela nabarmendu du Zuckerbergek; izan ere, datuen kontsumoa areagotzen dute.

Zuckerberg telekomunikazio operadoreak lasaitzen saiatu da. Operadoreen sareek Facebook bezalako Internet zerbitzuei mesede egiten dietela kritikatu dute konpainiek.

Facebook bezalako aplikazioen erabilerak Interneteko trafikoa areagotzen duela esan du sare sozialeko fundatzaileak. Ondorioz, datuen kontsumoagatik kobratzen duten operadoreen diru-sarrerek gora egiten dute. “Jendeak zerbitzu horiek erabili nahi ditu eta horien truke ordainduko du”, azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook Telefonia mugikorra berriak