Teknologia -
Jabetza intelektuala
Goear webgunea ixtea agindu du Auzitegi Nazionalak
Webgune horrek ia lau milioi musika artxibo doan eta streaming bidez entzutea ahalbidetzen du. Erabiltzaileek eurek igotzen dituzte abestiak, egileen baimenik gabe.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOAK
Auzitegi Nazionalak 72 orduko epea eman dio Goear musika streaming bidez eskaintzen duen webguneari zerbitzua eteteko, Jabetza Intelektualaren Legea urratzea egotzita, Promusicae musika ekoizleen elkarteak jakinarazi duenez.
Duela urtebete, Madrilgo epaitegi batek errefusatu egin zuen webgunea ixtea, baina Jabetza Intelektualen Eskubideak Kudeatzeko Elkarteak (AGEDI) helegitea jarri zuen, eta Auzitegi Nazionalak onartu egin du orain.
Auto honekin, epaileak berretsi egin du bere garaian Jabetza Intelektualaren Batzordeak hartutako erabakia, eta zerbitzua etetea agindu dio dio Cogent Communications España konpainiari, hori baita Goear webguneari ‘ostatu’ ematen diona.
Goear duela hainbat urte jarri zen abian, eta ia lau milioi musika artxibo doan eta streaming bidez entzutea ahalbidetzen du. Erabiltzaileek eurek igotzen dituzte abestiak, egileen baimenik gabe.