Teknologia -

Urtebete martxan denetik

Ahaztua izateko eskubideari lotutako eskaeren % 40 kendu ditu Googlek

2014ko maiatzetik, estekak erretiratzeko eskaera egiteko aukera ematen du Googlek, formulario baten bidez. 780.000 eskakizun jaso dituzte.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtebete da EBko Justizia Auzitegiak ahaztua izateko eskubidearen inguruko epaia eman zuenetik eta, 12 hilabete hauetan, jasotako eskaeren % 40 kendu ditu Internetetik Googlek.

2013ko maiatzaren 13an eman zuen epaia Europako Auzitegiak eta, horrekin, Espainiako Datuen Babeserako Agentziak aldarrikatutako Interneten "ahaztua izateko eskubidea" defendatu zuen.

Izan ere, ebazpen horren arabera, Google bezalako bilatzaileek iraganean argitaratutako loturak ezabatu behar dituzte, herritarren bati kalte egiten diotela edo dagoeneko egokiak ez direla egiaztatuz gero. Maiatzaren 29an, Googlek eskaerak bideratzeko formularioa jarri zuen eskura.

Ordutik, 780.000 eskaera jaso dituzte eta, egoera aztertu ostean, Interneten mantendu dituzte eskakizunen % 58,7. Izan ere, teknologia etxeak uste izan du kasu horiek ez zetozela bat Europako ebazpenak biltzen dituen egoerekin.

Espainia, laugarrena eskakizun kopuruan

Ebazpenak Europako herrialdeei eragiten die, eta, horien artean, Espainia da eskakizun gehien egin dutenen artean laugarrena. Hain zuzen ere, 65.544 eskaera bideratu dira Espainiar Estatutik; horietatik % 36,5 erretiratu dituzte.

Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua dira eskaera gehien bideratu dituzten hiru lurraldeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Google albisteak