Teknologia -
Musika Internetez
Hilda topatu dute etxean Grooveshark webgunearen sortzaileetako bat
Joshua Greenbergek 2006an sortu zuen ataria beste kide batzuekin batera, Floridako Unibertsitatean ikasten zuenean.
Agentziak | Erredakzioa
Joshua Greenberg Grooveshark musika-webgunearen sortzaileetako bat hilda aurkitu zuten asteburuan, Gainesvilleko (Florida) bere etxean, Poliziak astelehenean jakitera eman zuenez.
Greenbergek 28 urte zituen, eta bere hilotza igande gauen topatu zuten. Etxebizitzan ez zegoen biolentzia-zantzurik eta, Poliziak adierazi duenaren arabera, ez dirudi bere buruaz beste egin duenik ere.
The Gainesville Sunegunkariak adierazi du berarekin batera bizi zen neskalagunak aurkitu zuela Greenberg ohean. Bere amak, Lori Greenbergek gaineratu du autopsiak ez duela argitu heriotzaren kausa. Dena dela, toxikologia-proben zain daude, baina horretarako hilabete asko itxaron beharko dute oraindik.
Webgunearen itxiera
Grooveshark internet bidez musika entzuteko zerbitzua izan zen. Floridan zuen egoitza, eta 35 milioi erabiltzaile batzen ziren bertan. Hala ere, apirilaren 30ean itxi egin zuten: disko-etxe handiekin hitzarmen bat adostu zuen, egile-eskubideen urratzeak tarteko zirela. Greenbergek 2006an sortu zuen ataria beste kide batzuekin batera, Floridako Unibertsitatean ikasten zuenean.