Teknologia -
Sare sozialaren 5. urteurrena
Zein euskal herritarrek du jarraitzaile gehien Instagramen?
Xabi Alonso da lehenengoa rankingean, Facebooken bezalaxe, eta beste futbolari batzuk ditu atzetik. Jon Kortajarena eta zinema mundua dira hurrengoak zerrendan.
M.g | eitb.eus
Instagramek bost urte bete zituen atzo, eta sare sozialean barrena ibili gara arrakasta handiena duten euskal herritarrak nortzuk diren jakiteko. Deigarria da emakumeak hain behean ikustea zerrendan.
Dena dela, ez da ezustekorik izan, Xabi Alonso Bayern Municheko jokalaria baita, Facebooken gertatzen den moduan, argazkien sare sozialean jarraitzaile gehien dituena; 823.000, hain zuzen ere.
Futbolariak dira, alde handiarekin, jarraitzaile gehien dituztenak. Tolosarraren ondoren, Javi Martinez taldekidea dago, 734.000 jarraitzailerekin, eta 516.000 ditu Asier Illarramendi Realeko jokalariak.
Hala eta guztiz ere, rankingeko hirugarren postuan Jon Kortajarena modelo ezaguna dago, 645.000 pertsonak jarraitzen baitituzte horren gorabeherak Interneten.
Euskal gastronomiak ere egin du bere tokia Instagramen, eta David de Jorge (Robin Food) sukaldari karismatikoa, esaterako, 59.000 erabiltzailek jarraitzen dute.
Zinemaren munduan, Alex de la Iglesia zuzendaria da arrakasta gehien duena (ia 60.000 jarraitzaile ditu), eta askoz ere atzerago dago Miriam Cabeza aktorea (32.000).
Eli Pinedo munduko eskubaloi jokalari onenetakoa da, eta horrek ospea eman dio sare sozialetan ere; hala, 12.000 jarraitzaile ditu Instagramen.