Teknologia -
Telefonia eta Internet
Europako Parlamentuak onartu egin du 'roaming'a 2017an amaitzea
2017ko ekainaren 15etik aurrera, sakelako telefonoaren bidez deitzeagatik, mezuak bidaltzeagatik edo Interneten nabigatzeagatik ez da errekargurik ordaindu beharko.
agentziak | erredakzioa
Europako Parlamentuak behin betiko onartu ditu Europar Batasuneko herrialdeetan sakelako telefonoa erabiltzeko eta Interneten neutraltasuna bermatzeko legedi berria.
Araudi horren arabera, ‘roaming’a 2017ko ekainaren 15ean amaituko da. Hortaz, Europar Batasuneko edozein herrialdetan dauden erabiltzaileek ez dute errekargurik ordaindu beharko sakelako telefonoaren bidez deitzeagatik, mezuak bidaltzeagatik edo Interneten nabigatzeagatik.
Bide horretan, 2016ko apirilaren 30etik aurrera ‘roaming’aren tarifak nabarmen merkatuko dituzte: deiek minutuko bost zentimoko prezioa izango dute, gehienez; SMS mezuek, bi zentimo; eta megabyteak, bost zentimo.
Hala ere, aipatu behar da Estatu bakoitzak salbuespeneko errekarguak ezartzeko aukera izango duela, operadoreek lege berri honen ondorioz kostuak errekuperatzeko gai ez direla frogatzen badute eta horrek prezioetan eragina badu.