Teknologia -
Elkarrizketa
Nola gidatuko dugu etorkizunean?
eitb.eus-ek etorkizuneko ibilgailuei buruz hitz egin du Waze Googleren aplikazioaren Europako arduradunarekin.
D.P. | eitb.eus
Zirkulazio istripuak, auto-ilara luzeak, aparkatzeko arazoak… Askotan, gidatzea amesgaiztoa izan daiteke, ezta? Teknologia berriek, baina, gidatzea esperientzia erosoagoa izatea erraztuko dute. Are gehiago, gidatu beharrik ere ez da izango segur aski, ibilgailuek automatikoki zirkulatuko baitute.
Testuinguru horretan, Google konpainia auto autonomoekin entseguak egiten ari da. Zientzia-fikzioa dirudien ibilgailu hori heldu bitartean, baina, Waze aplikazioa sustatzen ari da. 2013an erosi zuen, eta arrakasta handia izan du Ipar Amerikan eta Latinoamerikan. Orain, lehen urratsak ematen ari dira Euskadin ere erreferente bihurtzeko.
Helburu hori gogoan, Carlos Gomez Wazeren Europako negozio arduraduna EAEn izan zen joan den astean, hainbat erakunderekin akordioak lortzen saiatzeko. eitb.eus harekin izan zen, EiTBren Bilboko egoitzan, aplikazio horri buruz eta etorkizuneko ibilgailuei buruz hitz egiteko.
Gomezek azaldu zuenez, gidariei ibilbide egokiena erakusten dien aplikazio bat da Waze. Hori bai, zirkulazioaren egoera denbora errealean kontuan hartuta.
"Waze gidarien komunitate handiena da; 50 milioi erabiltzaile ditu mundu osoan", esan zuen.
Horren esanetan, Waze "gidariek osatutako sare sozial bat da, eta informazio guztia crowsource da", hau da, "informazio guztia erabiltzaileek ematen dute, denbora errealean, eta horri geruza adimendun bat, Big Data eta zirkulazioa aurreikusteko patroiak eransten dizkiogu, une oro ibilbide egokiena zein den zehazteko".
Aplikazioaren helburua "egunean 5 minutu aurreztea" da; "egunero eta gidari guztiei", berretsi zuen.
Euskadin, Wazek "dozenaka mila" erabiltzaile ditu egun, Gomezen arabera. "EAE ez da Europako eskualde indartsuenetakoa (erabiltzaile kopurua kontuan hartuta), baina badu garrantzia".
Bitxikeria bat: Europa osoan erabiltzaile-talde "garrantzitsuenetako bat" Gasteizkoa da.
Kontu polemikoak: pribatutasuna eta Poliziari buruzko informazioa
Datu pertsonalak biltzen dituzten aplikazioen inguruko kezka nagusietako bat pribatutasuna izan ohi da. Izan ere, komeni da enpresa batek jakitea une oro non zauden?
Carlos Gomezen esanetan, "era anonimoan" biltzen dituzte datuak. "Ez zaizkigu interesatzen erabiltzailearen izena, adina edo sexua. Informazio egokitu onena emateko xedez, nondik zirkulatzen duzun eta zer ordutan egiten duzun biltzen dugu. Egunero ordu berean gidatzen baduzu, ordu horretako zirkulazio arazoak erakutsi nahi dizkigu, ez beste orduko batzuetakoak", azaldu zuen.
Horren haritik, aplikazioak biltzen dituen datuak hauek dira: GPSaren puntua, ibilgailuaren abiadura eta erabiltzaileak berak istripuei, auto-ilarei, arriskuei eta poliziei buruz emandako datuak.
Hara! "Poliziei buruz emandako datuak"? Legezkoa al da horrelako informazioa ematea? Gomezen hitzetan, "ez dugu inoiz arazorik izan". AEBn "hainbat kasu" izan direla aitortu zuen, baina erakundeekin eta poliziekin hitz egin eta gero, konpondu egin dituztela ziurtatu zuen. "Gure helburua ez da legea urratzea; are gehiago, lankidetza estua dugu gobernuekin eta hiriekin, legeei egokitzeko".
Adibidez, Frantzian radarren kokagunea publikatzea debekatu zutenean, kendu egin zuten informazio guztia.
Honela gidatuko dugu etorkizunean
Auto autonomoak heldu bitartean, zirkulatzeko modua optimizatzen duten aplikazioak dira etorkizun gertukoena.
Urrunago jota, nolakoa izango da geroa? Wazeko arduradunaren iritzian, "ibilgailu gutxiago egongo dira, eta estandarrak izango dira; horregatik, ez da garrantzitsua izango zer ibilgailu mota duzun. Autoak, gainera, komunitarioak izango dira: zuk garraio zerbitzua kontratatuko duzu, eta autoa berehala izango duzu etxeko atean".
Auto horiek autonomoak izango dira, hau da, automatikoki zirkulatuko dute. "Gizakiak eraginik izango ez duenez, dena aurreikusi ahal izango da: abiadura, ibilbidea, denborak… Eta ez da istripurik izango”.
"Ibilgailuak hegalariak izango dira, hau da, pertsonak garraiatzeko ahalmena izango duten droneak egongo dira, eta Hyperloopen antzeko sistemak ere egongo dira", gaineratu zuten.
Zientzia fikzioa ematen du, ezta? Bada, egia esan, etorkizun hori dirudiena baino gertuago dugu.