Teknologia -

Bideo arrakastatsuen zerrenda

Rewind 2015: Youtuberen aurtengo bideo izarrak

New Yorkeko kaleetan dantzan ari diren neskatila batzuen bideoa edo Liam Neeson aktorea protagonista duen iragarkia daude aurtengo arrakastatsuenen artean.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtea amaitzear dugun honetan, 2015ari errepasoa egiteko bildumak kaleratzen hasiak dira nonahi. Urtero, gehien ikusi diren bideoen zerrenda egiten du Youtubek. Gaur, abenduak 9, jakinarazi du, hain justu, 2015eko Rewind top 10a. Aurreko urteetan ez bezala, Googlen plataformak ez ditu erreprodukzio gehien dituztenak bildu, "arrakastatsuenak" baizik. Hau da, ikusienak ez ezik, iruzkin eta "gustuko dut" gehien dituztenak ere kontuan hartu dituzte.

Hiru zerrenda dira berez hiru atal edo kategoria baitaude: bat, orokorra; bestea, iragarkiena; eta azken bat, bideo musikalena.

Mundu zabalean egindako zerrendari dagokionez, bost neskatok eskuratu dute ospe gehien, betiere Youtube plataforman. New Yorkeko kaleetan barrena "Watch Me" abestiarekin mugimendu harrigarriak egiten dituzte neskatilen bideoak 115 milioi erreprodukzio izan ditu. Ez da ez marka makala.

Zerrendan bigarrena Liam Neeson aktorea protagonista duen iragarkia da. Bideoak 83 milioi ikustaldi ditu. "Clash of Clans: Revenge" bideo-jokoen iragarkia Super Bowl futbol amerikarraren ligako finalean emititu zuten.

Roman Atwood AEBko umoristak egindako bideo zoroek beti lortzen dute lekuren bat Youtuberen urteroko zerrendan. Etxe bat plastikozko pilotekin bete zuen gizonak, umeen gozagarri.

Musikaren alorrean, Wiz Khalifa rap abeslariaren "See You Again" kanta da jaun eta jabe. Furious 7 pelikularen soinu-bandan ageri da abestia, eta 1.200 milioi erreprodukzio ditu.

Maroon 5 taldearen "Sugar" kantak bigarren lekua eskuratu du:

Ellie Gouldingen "Love Me Like You Do" abestiak, berriz, brontzezko domina lortu du:

Iragarkien atalean, Liam Neesonen bideoa ageri da zerrendaren goialdean. Atzetik ditu, Hyundai auto markak egindako iragarki futurista eta "etiketarik gabeko maitasuna" aldarrikatzen duen kanpainaren beste hau:

Youtuber-rak nagusi, Espainiako Estatuan

Munduko zerrendarekin gertatzen ez den bezala, youtuber-rak (euren bideoak Youtubera igota ezagun egin diren lagunak) dira aurtengo "irabazleak" Espainiako Estatuan. Horren adibide dira El Rubius, Auronplay  eta vegeta777 erabiltzaileen bideoak.

Dena dela, Alejandro Amenabarrek zuzendutako iragarki bat da zerrendako lehendabiziko postuan. Dakota Johnson aktore estatubatuarra protagonista du Estrella Damm garagardo markaren "Vale" izeneko film-laburrak, eta 6,2 milioi aldiz ikusi dute erabiltzaileek.

La cumbre escarlata filmaren trailerra da Estatu espainiarren bigarren bideo arrakastatsuena:

Ondoren ageri dira El Rubius (19,1 milioi erreprodukzio) youtuberraren "Charlie Charlie Challenge" bideoa eta Auronplayren  "El temazo de Ylenia" izenekoa (5,2 milioi).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Youtube Gaurko azken ordukoa