Teknologia -

Segurtasuna Interneten

Bizkaitar batek ordenagailu 'zonbi'en sare handiena zuzentzen zuen

Hiru pertsona atxilotu dituzte Estatuan, horietako bat Balmasedan (Bizkaia), mundu osoan 13 milioi ordenagailu kutsatzea egotzita.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak, FBIrekin lankidetzan, hiru pertsona atxilotu ditu Estatuan, horietako bat Balmasedan (Bizkaia), birus baten bidez mundu osoan 190 herrialdetako 13 milioi ordenagailu kontrolatzea egotzita.

Institutu Armatuaren arabera, mundu osoan atzemandako ordenagailu ''zonbi'' sare handiena izan da.

Haien etxebizitzetan egindako miaketetan, ordenagailuak, material informatikoa eta 800.000 erabiltzaileren informazio pertsonala (IP helbideak) atzeman dituzte.

Datuok atxilotutakoek beraiek erabil zitzaketen, edo bankuetan iruzur egiten duten sare antolatuei alokatu. Izan ere, ''Mariposa'' izeneko botnet-aren zati bat alokatu egin zutela egiaztatu du Guardia Zibilak.

Sarearen ustezko burua, 31 urteko F.C.R. (sarean ''Netkairo'' eta ''Hamlet1917'' izenak erabiltzen zituen), Balmasedan atxilotu dute. Beste biak, 25 urteko J.B.R. (''Ostiator'') eta 30 urteko J.P.R. (''Johny Loeante''), Santiagon eta Murtzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea