Teknologia -

E-reader

Amazonen Kindle berria, aurrekoa baino arinagoa eta finagoa

Kindle Oasis asteazkenetik dago eskuragarri; ahala ere, apirilaren 27an hasiko dira bidaltzen. WiFidun modeloak 289,99 euro balio ditu eta 3G duenak 349,99 euro.

Kindle Oasis. Argazkia: Amazon.es
Kindle Oasis. Argazkia: Amazon.es
Kindle Oasis. Argazkia: Amazon.es

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amazonek Kindle Oasis aurkeztu berri du, bere e-reader gailuen azken kidea. Voyage edo PaperWhite izeneko aurreko modeloekin alderatuta hainbat berritasun dakar: diseinu berria dauka, osagaien pisua hegal batera lekualdatu du eta ergonomikoagoa den eustea eskaintzen du. Ezaugarri horiek guztiek prezioan dute isla: 290 euro, Kindle familiako garestiena.

Kindle Oasis "hutsetik definitu" dute, Amazonetik diotenaren arabera. Kanpoko diseinua aldatu dute eta aldaketa hori barrutik jaio da; horrenbestez, aurreko eredua baino % 30 finagoa eta % 20 arinagoa izan dadila lortu dute.

Kanpotik berria

Diseinu berriak eragin zuzena dauka Kindle Oasis eusteko eta erabiltzeko moduan. Arreta ematen duen lehen gauza gailuaren pisu txikia da (131 gramo, 238 gramo zorroarekin) eta bere fintasuna (3,4 milimetro ditu alderik finenean).

Hegalean daude e-reader barruko osagai guztiak; aldi berean, era erosoagoan heltzeko diseinatu dute. Horrez gain, gailuaren posizioa antzematen duen azelerometro bat darama, eta horrek eskuinarekin edota ezkerrarekin eustea ahalbidetzen du. Horrenbestez, testuaren eta botoien funtzioen noranzkoak ere aldatu egiten dira; dena dela, azken horien ezarpenak aldatu egin daitezke.

300pp dituen bereizmen handiko pantailak testua argitasun handiz irakurtzea ahalbidetzen du eta irakurtzeko argia integratuta mantentzen du.

Barrutik berria

Barruko osagaiak hegal batera eraman dituzte. Alde horrek gainez egiten du, eta bertan dago diseinu berria duen bateria ere.

Pantailak sei hazbete ditu, aurreko modeloen gisara, baina malgua den xafla batez eta sendoagoa den kristalezko geruza bat dauka kanpotik, gailuak kolperen bat izanez gero edota eroriz gero, talkei hobeto eusteko.

Bateria kargatzeko sistema bikoitza

Kindle Oasis zorroarekin batera saltzen da. Zorro horrek ez du babesa sendotzen bakarrik, baizik eta bateria osagarri gisa erabil daiteke, gailuari elkartzen zaionean. Bi osagai horiek batera izanik, bateriak hilak iraun dezake kargatu beharrik gabe.

Bateria kargatzeko USB portu bat dauka Kindle berriak. Zorroak ez dauka USBrik, beraz, gailura elkartu behar da eta korrontera konektatu.

Eskuragarritasuna eta prezioa

Kindle Oasis asteazkenetik dago eskuragarri; ahala ere, apirilaren 27an hasiko dira bidaltzen. WiFidun modeloak 289,99 euro balio ditu eta 3G duenak 349,99 euro.

Zorroa Kindle berriaren batera saltzen den arren, etorkizunean bereizita erosi ahalko dira; alabaina, Amazonek ez du ez datarik, ez preziorik jakinarazi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Gaurko azken orduko albistea