Teknologia -
ZELULEN NUKLEOA
Zelulen nukleorako sarbidea oinarrizko lege fisikoekin azaltzen da
Nukleo barruko material genetikoa babesteko, zelulek molekula batzuk onartu eta beste batzuk errefusatzearen atzean oinarrizko printzipio fisikoak daude.
ERREDAKZIOA
Cic Biomagune zentro zientifikoaren arabera, gure zelulen nukleora molekula batzuk sartzea edo hauek blokeatzea erabakitzen duen mekanismoa eta zelulen ohiko funtzionamendua oinarrizko printzipio fisikotan oinarritzen da. Hori da Donostiako biomaterialetan adituek egindako ikerketetaren ondorio nagusia. Erraz azaltzeko, haragi-bola batek espageti plater batean egiten duen mugimenduaren antzekoa izango litzateke, baina maila askoz txikiagoan.
Ikerketa hau Ralf Richteren (Cic Biomagune) eta Bart Hoogenboomen (London Centre for Nanotechnology) zuzendaritzapean egin da, eta nazioarteko talde honen emaitzak eLife zientzia elektronikoaren aldizkari ospetsuan ere argitaratu dira.
Gizakien, animalien eta landareen zelulek material genetiko handiena gordetzen duen nukleo bat dutela baieztatu du Ralf Richter doktoreak artikuluan. Horregatik, berebiziko garrantzia du zelulen nukleora sartzen diren molekulen hautaketa oso zorrotza izatea. Horretarako, zelulek, nukleoa babesten duten kanal txiki batzuk dituzte.
Kanal txiki hauetan molekulen hautaketa zorrotza egiteko, bereziki espezializatuta dauden proteina batzuk, Nukleoporina FG izenekoak, daude. Proteina hauek espageti itsaskor batzuen antz handia dute, eta horiek erabakitzen dute zein molekula sartuko den nukleora eta zein ez. Molekula hauek, kasu honetan, haragi-bola baten antza izango luketenak dira.
Molekula hauek (metaforan, haragi-bolak) nukleora nola sartzen diren ikertzeko, zientzialariek Nukleoporina FG-ren (espageti itsaskorren) kapak sortu dituzte, milimetro bat baino 100.000 aldiz txikiagoak. Ondoren, bien arteko harremana ikertu dute, eta, ateratako ondorioen arabera, Nukleoporina FG proteinak espageti itsaskorra bailitzan jokatzen duela demostratu dute.