Teknologia -
EUSKO JAURLARITZA
Itzultzaile automatikoak euskaratik ingelesera ere itzultzen du jada
Iazko datuekin alderatuta, euskaratik ingeleserako itzulpenak % 49,38 hazi dira; ingelesetik euskarara egindakoak, % 49,38, eta gaztelaniatik ingelesera egindakoak, % 61,19.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak duela zenbait urte online jarri zuen itzultzaile automatikoaren inguruan dauden zenbait berritasun aurkeztu dituzte asteazken honetan Donostian Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Juan Alberto Alonso Lucy Software Iberica SL enpresako kudeatzaileak eta Araceli Diaz de Lezana Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Plangintzako arduradunak.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak gaur goizean antolatu duen ‘Itzulpen automatikoa euskaraz’ mintegia baliatu du itzultzaile automatikoaren inguruan egindako lanen berri emateko. Mintegian, beste hizkuntzen artean euskara integratzen duten gainerako itzultzaile automatikoen ordezkariek parte hartu dute, eta, hori dela eta, aukera izan da itzulpen automatikoaren munduan pixka bat gehiago sakontzeko.
Eusko Jaurlaritzak itzultzaile automatikoaren inguruan aurkeztu dituen oinarrizko berritasunak Android eta iOs sistema eragileentzako aplikazio gaurkotuetan daude eskuragarri, Google Play Store eta Apple Store plataformetan. Eusko Jaurlaritzaren webgunean, IREKIA atariko lau lexiko eleaniztunak (eu-gaz, gaz-eu, eu-en, en-eu) ere egongo dira. Gainera, itzultzaile automatikoa webRest zerbitzuaren bidez ere erabili ahalko da, baina horretarako ezinbestekoa izango da Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jartzea.
2015ean, guztira, 10.889.174 itzulpen egin zituen itzultzaile automatikoak. Aurten, batez beste, hilabete bakoitzean ia 1.500.000 itzulpen egin dira: batez beste, 50.000 itzulpen eguneko. Iazko datuekin alderatuz, euskaratik ingeleserako itzulpenak % 49,38 hazi dira; ingelesetik euskarara egindakoak, % 49,38; eta gazteleratik ingelesera egindakoak, % 61,19. Guztira, 2015eko datuekin alderatuta, % 67,38 hazi da itzulpen kopurua.
‘Itzulpen automatikoa euskaraz’ mintegia
Mintegiaren helburuetako bat euskararen eta beste hizkuntzen artean itzulpen automatikoa eskaintzen duten sistemak hobeto ezagutzea izan da: sistema bakoitzak nola funtzionatzen duen, nolako teknologiak eta teknikak erabiltzen dituen, itzulpen automatikoaren gaur eguneko egoera, zailtasunak (batez ere euskarak eragiten dituenak), aurrera begirako erronkak… Gai horietaz luze eta zabal hitz egin da gaur goizean mintegian.
Parte-hartzaileei dagokienez, hainbat alorretako espezialistak izan dira bertan: Luis Collado (Googleren News & Magazines, Books eta eBooks-en zuzendaria), Itziar Cortes (Elhuyar Fundazioko itzulpenerako teknologien arduraduna) eta Jorge Gimenez (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria), besteak beste.