Teknologia -
Ikus-Entzunezkoen Legea
Telebistan indarkeria zentzugabea agertzea debekatu dute
Legeak ikus-entzunezkoen "arauak" ezartzen ditu eta haur-ordutegian eskaintzen diren iragarkien gaineko kontrola indartzen du. Publizitate denbora maximoa ere zehazten du: 20 minutu ordu bakoitzeko.
Erredakzioa
Telesailetan, pelikulatan edo telebista programetan agertzen den indarkeria zentzugabea eta eduki pornografikoak debekatuta daude, gaurtik aurrera, martxoaren 18an Diputatuen Kongresuak onartutako Ikus-Entzunezkoen Legearen arabera. Legeak ikus-entzunezkoen "arauak" ezartzen ditu eta haur-ordutegian eskaintzen diren iragarkien gaineko kontrola indartzen du. Horretaz gain, umeentzako kaltegarriak izan daitezkeen edukiak soilik 22:00ak eta 06:00ak bitartean agertu ahal izango dira telebistan. Bestalde, umeentzako egokiak ez diren edukien aurretik ikus-entzunezko ohartarazle bat agertu behar da, gurasoek eduki hori haurrentzako egokia ez dela jakin dezaten.
Legeak umeentzako bereziki babestutako hiru ordutegi-tarte zehazten ditu: 08:00ak eta 09:00ak artean eta 17:00ak eta 20:00ak artean, lanegunetan, eta 09:00ak eta 12:00 bitartean larunbat, igande eta estatu mailako jaiegunetan.
Publizitatea
Halaber, bihartik aurrera ardoa edo garagardoa bezalako 20º baino gutxiagoko edarien iragarkiak soilik 20:30ak eta 06:00ak bitartean eman ahal izango dira.
Publizitate denbora maximoa ere zehazten du legeak: 20 minutu ordu bakoitzeko, 12 minutu ohiko iragarkientzat, bost minutu katearen edukiak iragartzeko eta hiru minutu telepromozioa egiteko.