Teknologia -

Luxuzko mugikorra

Solarin, munduko mugikorrik seguruena

Erasoei aurre egiteko, Zimperium izeneko segurtasun teknologia du dispositiboak, eta oso garestia da (12.400-15.000 euro).

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sirin Labs konpainiak Solarin dispositibo ultra segurua merkaturatu du. Modelorik merkeenak 12.400 euroko salneurria du.

Azkenaldian mugikor seguruen eskaerak gora egin du. Enpresa eta erakundeetako agintariek eskuratu nahi dituzte, filtrazioetatik eta erasoetatik guztiz salbu harremanak izateko. Zentzu horretan, Solarin alternatiba erakargarria bihurtu nahi du Sirin Labsek.

Mugikorrak 250 gramoko pisua du. Dispositibo aurreratuen, aplikazioen eta Sarearen erasoei aurre egiteko, Zimperium izeneko segurtasun teknologia du.

Gainera, komunikazioak babesteko armadek erabiltzen duten teknologia du. Oso erabilera erraza du; izan ere, atzealdean duen etengailu bat sakatzearekin nahikoa da.

Hala, korporazio handien eta erakunde publikoetako goi-kargudunak erakarri nahi ditu Sirin Labsek. Segurtasuna eta pribatutasuna berebizikoak baitira esparru horietan.

 

Arazo endemikoa

“Zibererasoak mundu guztian endemikoak dira. Joera gero eta handiagoa da. Eraso bakar batek konpainia baten finantzei eta izen onari kalte larria egin diezaieke.  Pribatutasun neurri berrietan aitzindaria da Solarin, informazio kritikoa lasaitasunez manipulatzeko aukera ematen die bezeroei”, adierazi du Tal Cohen Sirin Labseko kontseilariak.

Mugikorra 13.800 dolar (12.400) ordainduta  eskuratu daiteke, baina modelo garestienak 15.000 euro baino gehiago balio du. Bi urte baino gehiagoko ikerketak emaitza eman du eta Solarin Suediako eta Tel Aviveko lantegietan garatu dute.

Oraingoz, bezeroek Solarin Londreseko Mayfair dendan erosi ahal izango dute bakarrik, ekainaren 30etik aurrera, eta baita Harrods saltokietan ere. Lau modelo daude. Sirin Labseko webgunean ere zuzenean erosi daiteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Telefonia mugikorra berriak