Itxi

2016/06/08

09:30

Teknologia

Erreportajea

Zer da 'Big Data' eta nola aldatu du gure bizimodua?

Eider Garaikoetxea | eitb.eus

Aitor Artola teknologia honetan aditu eta Ve Interactive enpresako zuzendariarekin egon gara.

  • Datu masiboak bildu eta aztertzeko teknologia sorta da Big Data. Irudia: Wikimedia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Albisteak (1)

Eguneko lehen mokadua tabletari begira jaten du Unaik: egunkarietan zer berri den jakin nahi du. Lanera bidean, lagunek Facebooken egindako iruzkinak irakurtzen ditu, "atsegin dut" botoiaren gainean pare batean klik egin, eta asteburuan familiarekin egindako txangoaren argazki batzuk partekatzen ditu sare sozialean. Bazkalorduan, asteroko erosketa egiten du bere ohiko supermerkatuak Interneten duen dendan. Arratsaldean, etxeratu aurretik, medikuak agindutako botika erosten du, osasun txartel digitala aldean duela. Iluntzen hasi da, eta oporrak etorri zaizkio burura Unairi; ideia gosez, Googlera jotzen du bidaia nora egin dezakeen ikusteko.

Egun bakarrean, pertsona bakar batek batez beste sei megabyte datu sortzen ditu. Pentsa orain, Unaik bezala, egunero Internet sarea eta gailu teknologikoak erabiltzen ditugun guztiok uzten dugun "arrasto digitala". Datu oldea, tsunamia. Europar Batasunaren arabera, minutuko 1.700 bilioi byte.

Akaso, informatikan jantziak ez direnek ez dute datuon kopurua zenbaterainokoa den ulertuko. Bada baliokide bat: datu horiek guztiak CDtan bilduko bagenitu, Lurretik Ilargira dagoen distantziaren bikoitza izango lukeen dorre bat osatuko litzateke.

Datu-samalda, baina, hasi besterik ez da egin. Hala ohartarazi digu Aitor Artola Ve Interactive garapen zentroko zuzendari eta ingelesez Big Data ("datuak eskala handian" edo "datu masiboak") izenarekin ezagutu den horretan adituak: "Internet of Thing (gauzen Internet) deitzen dutenaren eta 4.0 industriaren garapenak datu-andana handituko dute. Dorre horrek aise gaindituko du Ilargiraino dagoen distantzia hori".

Zer da, bada, Big Data? Milioika datu horiek jaso, bildu eta, denbora arrazoizkoan, aztertzeko modua ematen duen teknologia da. Eta zertarako balio du bit-segida batzuen bilduma amaigabe horrek, zein ekarpen egin dezake? Artolak azaldu digu hori ere: "Datu base tradizionalek ezagutzen ditugun galderei erantzunak emateko balio zuten; Big Data-rekin, ordea, ezagutzen ez genituen galderen erantzunak topatu ditzakegu. Hala, galdera ezezagunak argitu ditzakegu; bestela esan, ordura arte ezagutzen ez genuen informazio piloa".

Ve Interactive. Bilbao. Aitor Artola. Big Data

Artolaren lantaldearen zati bat, Bilbon dituzten bulegoetan. Duela urtebete eta erdi 25 langile zituen; egun, 90.

Bada Artolak aipatutako hau ulertzeko bidea ematen duen adibide bitxi bat. 2012an jazo zen, Minneapolisen (AEB). Target saltoki handiek haurdun dauden emakumeei bideratutako produktuak erosteko deskontuen eta haurtxoen logela aipatzeko altzarien berri eman zioten neska nerabe bati. Aitak, haserre bizian, dendara jo zuen, NY Times egunkariak bere garaian jaso zuenez. Handik gutxira, baina, neskatoak umedun zegoela aitortu zien gurasoei. Nonbait, elikagai osagarriak eta zapi hezeak erosi zituen neskak, eta saltoki handien programa informatikoak haurdun zegoela ondorioztatu zuen.

Hain urrunera joan gabe, enpresek denbora daramate teknologia hau baliatzen, ezagutza boterea baita eta datuok abantaila ematen baitiete beste enpresa batzuekin lehiatzeko orduan.

Eroski euskal saltokiak, adibidez, Big Data teknologia darabil Eroski Club txartela kudeatzeko. Txartel honetan jasotako datuak aztertuta, bezeroaren neurrira egindako sustapenak egiten ditu, eta, horri esker, erabiltzaileak dirua aurreztu ahal du. Mondragon Korporazioak emandako datuen arabera, "15 egunetan 30.000 sustapen" egiten dituzte.

Nola eragiten digu Big Data-k?

Izan ere, teknologia hau hainbat eremutan erabil daiteke. Lantegi bati edo denda bati hobeto eta gehiago ekoizten eta saltzen lagundu diezaioke, baina osasun edota aurrerapen zientifikoak ere lor daitezke horri esker.

Ve Interactive konpainiaren zuzendariaren hitzetan, herritar xehearengana ere iritsi da Big Data, hark igarri ez badu ere. "Zeharka bada ere, erabiltzailea ari da abantailak baliatzen. Guk asko lantzen dugu e-commerce mundua, eta teknologia honi esker, erosteko prozesua dezente hobetu dugu, gomendatutako produktuei dagokienez, edota bezeroen beharretara egokitutako produktuen ezaugarriak plazaratuta", esan digu Artolak.

Amazonek, sareko erosketen erregetako batek, adibidez, Big Data darabil gure neurrira eginda diruditen produktuak eskura jartzen dizkigunean. Adibide gehiago daude, nahi adina, "baina erabiltzaileak ez ditu atzematen mugikorrean berezko balira moduan azaltzen zaizkiolako". Pentsa bestela, nola dakite trafikoaren inguruan dauden aplikazio ezberdinek errepide jakin batean auto-pilaketak egongo direna? Nola "asmatzen" du Googlek zer bilatu nahi dudan edo idazteko orduan akatsen bat egin ote dudan? Big Data teknologia dago atzean.

Ezezaguna denari, beldur

Honezkero egongo da makina eta teknologia pila honen atzean gizakiak izan dezakeen esku-hartze mailarekin arduratuta dagoenik. Aitor Artolak, aldiz, garrantzia kendu dio aferari: "Aurrerapen eta teknologia berri guztiekin berdina pasatzen da, beldurtu egiten gara eta zalantzak sortzen dira". Euskal aditu honen iritzian, teknologia horrek ekarriko duen eredu aldaketa baliatu beharra dago, atzean geratu gabe; izan ere, horren esanetan, "Big Data ez da desagertuko".

MAM-eko argazkia: internet-movil_

Sakelakoa gorputzeko beste atal bat da askorentzat. Nola dabilen ulertzea da gakoa, Artolaren ustez.

Harago doa Artola: "Big Data-ri bizkarra eman edo ihes egiten saiatzea suizidioa litzateke". Beste hainbestetan moduan, teknologia nola erabiltzen den da gakoa, eta horrekin lotuta, hori zuzen erabiltzen irakasteko behar den heziketa. Artolak azaldu digunez, Ve Interactive enpresak etxeko txikienei teknologia, zentzurik zabalenean, ulertarazteko ekimena du martxan hainbat eskolatan. Horren berbetan, teknologia berrien erabiltzaile izateko, nola funtzionatzen duten jakin behar dugu: "Sakelakoan agertzen zaigun informazioa ez da berez agertzen. Nola dabilen ulertu behar dugu, gero zein erabilera eman nahi diogun erabakitzeko".

Aitor Artolaren aburuz, horixe da Big Data-ren benetako arriskua, ezezagutza. "Ezjakina izanda zoriontsuago bizi naizela esatea hanka-sartze galanta da. Munduak aurrera egin badu, ez da jarrera horri esker izan. Kontrakoa, mugitu ez dena, ikasi nahi izan ez duena, atzean geratu da", adierazi digu adituak.

Big Data-ren aldeko apustua, lehenbailehen

Ingurumari honetan, datu masiboen teknologia erabiltzeko aldarria egin du Ve Interactive Bilboko enpresako zuzendariak. "Berandu gabiltza, lehenago hasi behar ginen", esan du. Dena dela, Euskadin "etorkizun oparoa" ikusten dio Aitor Artolak Big Data-ri, "talentu handiko informatikari gazte ugari" baitaude eta enpresa batzuk lanean daudelako jada.

Gainera, Big Data kode irekian (modu irekian banatu eta garatutako softwarea, doakoa) garatuta dago, eta horri esker, nahi duen orok eskura du teknologia hori. Hain justu, ohartarazpena egin digu Aitor Artolak: "Lehenbailehen egitea da onena, mugitzen den lehenak etorkizun hobea izango baitu".

Egun argazki hau egin liteke Big Data-ren egoeraz, baina, etorkizunean? Izango ote du honek guztiak mugarik? Galdera horrekin bukatu dugu Aitor Artolari egindako elkarrizketa. Berak argi dauka: "Azpiegitura egokia izanda, gizakion ezagutzak, talentuak eta sormenak ezarriko dio muga. Historiak, baina, ondo asko erakutsi digu; horretan, behintzat, ez dugu mugarik".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;