Teknologia -
LibreCon 2016
Bilbok software askeari buruzko kongresu bat egingo du azaroan
4.0 Industriaren eta Finantza Sektorearen erronka berriei Open Source IKT irtenbideak ematea helburu duen enpresa-topaketa handiena da.
Agentziak | Erredakzioa
LibreCon 2016, software askea eta teknologia irekien inguruko nazioarte mailako topaketa handiena, Bilbon egingo dute. Aurtengoa seigarren edizioa izango da, eta nazio mailako eta nazioarteko hainbat hizlarik hartuko dute parte.
Azaroaren 22an eta 23an izango da aurtengo edizioa, eta topaketa horrek 4.0 Industria eta Finantza sektoreetan teknologia libreek dituzten erabilerak ditu hizpide.
Halaber, teknologia horiek hainbat alorretan, hala nola cloud computing delakoan, Big Dataren analisian eta Gauzen Internetean (IoT), zer aukera berri eskaintzen dituzten aztertuko du.
120 hizlari inguruk hartuko dute parte LibreCon 2016an, eta egunerokoan teknologia libreek lehiakortasunean nola eragiten duten azalduko dute hizlariek. Halaber, sektoreko berrikuntzen inguruan informazioa jasoko dute bertaratutako pertsonek.
Gainera, teknologia irekia eta software librearekin lotura duten 600 enpresa baino gehiago hartuko dute parte aurtengo edizioan. Hala, LibreCon 2016ko arduradunen arabera 1.500 pertsona inguru bilduko dira eta hirian milioi bat euroko eragin ekonomikoa izango duela aurreikusi dute.