Teknologia -
Internet
500 milioi erabiltzaileren datuak lapurtu dizkiotela onartu du Yahook
Besteak beste, izenak, helbide elektronikoak, telefonoak, urtebetetze datak, pasahitzak eta, kasu batzuetan, segurtasun galde-erantzunak ostu omen dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
2014ko amaieran 500 bat erabiltzaileren kontuetako informazioa lapurtu ziotela onartu du gaur Yahoo konpainiak, agiri batean jakitera eman duenez.
Besteak beste, izenak, helbide elektronikoak, telefonoak, urtebetetze datak, pasahitzak eta, kasu batzuetan, segurtasun galde-erantzunak ostu omen dizkiote.
Hala ere, babesik gabeko pasahitzak eta kreditu-txartelen edo banku-kontuetako datuak ez dituzte ostu, konpainiak abiatutako ikerketaren arabera.
Horren aurrean, pasahitzak eta segurtasun galderak aldatzeko gomendatu die konpainiak erabiltzaileei. Halaber, euren kontuetan izan litezkeen “gauza susmagarriak” ongi aztertzeko eta helbide elektroniko susmagarrietatik jasotako fitxategirik ez deskargatzeko gomendatu die Yahook erabiltzaileei.
Erosketa akordioa, airean
Baliteke lapurretak Yahooren erosketa akordioari eragitea. Verizon AEBko telefonia mugikorreko operadoreak Yahoo 4.800 milioi dolarren truke erosteko akordioa itxi zuen uztailean, baina agintari arautzaileen baimenaren zain dago oraindik.
Filtrazioaren kalte-ordainek erosketaren salneurria alda dezakete eta enpresako akziodunei eragin diezaiekete.