Teknologia -
Segurtasuna
400 milioi profil hackeatu dituzte ligatzeko hainbat webgunetan
Inoiz Interneten emandako datu lapurreta handiena izan dela ohartarazi du Leaked Source webguneak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Laurehun milioi erabiltzaileren baino gehiagoren profilak hackeatu dituzte ligatzeko hainbat webgune estatubatuarren aurka urrian egindako eraso masibo batean.
Eraso piraten berri ematen duen Leaked Source webgunearen arabera, inoiz Interneten emandako datu lapurreta handiena izan da.
Hain zuzen ere, erasotako webuneak hauek dira: AdultFriendFinder.com, cams.com, penthouse.com, strpshow.com e iCams.com.
AdultFriendFinder.com webgunean, 339 milioi erabiltzaileren profilak hackeatu dituzte. "Sexuaren eta libertinajearen munduko webgune handiena" da, arduradunek eurek deskribatu dutenez.
Gainera, konpainia berarenak diren Cams.com eta Penthouse.com webguneetan 69 milioi profil ostu dituzte.
Hori horrela, gertatutakoa Interneten inoiz izandako datu lapurreta handiena izan dela esan du Leaked Sourcek, MySpacek 2013an pairatutakoaren gainetik. Orduan, 360 milioi profil hackeatu zituzten.
Erasoa ez da ligatzeko webguneen aurka egindako lehena. Iaz, Ashley Madison webgunearen 32 milioi erabiltzaileren datuak publikatu zituzten.
Espainiar kaltedunak
Interneteko Erabiltzailearen Segurtasun Bulegoak (Espainiako Gobernuaren Industria Ministerioaren menpe dago) ohartarazi duenez, baliteke kaltedunen artean espainiar ugari egotea. Izan ere, aipatutako webguneetan, 60 milioi profil gaztelaniaz daude.
Erakundeak aholku hauek luzatu dizkie balizko kaltedunei:
1. Zerbitzuaren pasa-hitza aldatzea, eta pasa-hitz berdin hori erabiltzen den beste edozein webgunetan ere aldatzea.
2. Segurtasun galde-erantzuna aldatzea.
3. Webguneotan ordainketak egiteko zerbitzuren bat kontratatuta badute, datu horiek ezabatzea, eta hurrengo egunetan kontu-korrontearen mugimenduak arretaz zaintzea.