Teknologia -
250 milioi bisita
Justin Bieberrek Lady Gagari YouTubeko erregealdia kendu dio
Hamasei urteko gazte kanadarrak markak hautsi ditu eta orain arte Lady Gagak sendo eusten zuen lehen postua lortu du Bieberrek YouTuben.
Erredakzioa
Nerabeak erotzen dituen pop artista berria da Justin Bieber eta kanadarrak Lady Gagaren marka hautsi eta bere bideoklipa YouTubeko ikusiena izatea lortu du. Bieber YouTuben egin zen ezaguna eta "Baby" abestiaren bideoarekin 250 milioi bisita baino gehiago jaso ditu, Lady Gagaren "Bad Romance" kantuaren 247 milioi bisitak gainditu ditu.
16 urteko abeslari kanadarra AEBetatik dabil orain My World 2.0 bere diska arrakastatsua ezagutzera ematen eta Twitterren utzitako mezu baten bitartez bere jarraitzaileei eskerrak eman dizkie.
Bieberrek 14 urterekin sinatu zuen bere lehen kontratua eta YouTubera berak egindako bideoak igo ostean, milioika jarraitzaile ditu orain. 24 urteko Lady Gagak, bestalde, "Monster Ball" birarekin jarraitzen du eta duela gutxi Facebook sare sozialean 10 milioi jarraitzaile baino gehiago dituen bizirik dagoen lehen artista bilakatu da.