Teknologia -
Garraioa
Honelakoak izango dira Hyperloopen bidaiari-kapsulak
Lehen kapsula dagoeneko egiten ari dira, eta 2018ko hasieran entregatuko dute.
AGENTZAK | ERREDAKZIOA
Hyperloop Transportation Technologies (HTT) eta Carbures konpainiak etorkizuneko garraiobidearen lehen bidaiari-kapsula egiten hasi dira, eta 2018ko hasieran entregatuko dute, Frantziako Tolosaren ikerketa eta garapen zentroan.
Kapsula 30 metro luze izango da, eta 2,7 metro zabal. 20 tonakoa izango da, eta 28-30 pertsonarentzako lekua izango du. 1.223 km/k-ko abiaduran joango da.
Dagoeneko bideragarritasun ikerketak egin dituzte, eta Hyperloop garraio sistema bidai komertzialetarako erabili ahalko da.
Hyperloopek Abu Dhabi eta Dubai hirien arteko konexioa egingo du, 160 kilometro 12 minututan egiteko.
Argazkia: EFE
Zer da Hyperloop
Presio gutxiko hodi baten barruan doazen kapsula sistema bat da Hyperloop.
Energia gutxirekin, 1.223 km/h arteko abiadura lor daiteke.
Proiektua Elon Musk Tesla Motors, PayPal eta SpaceX konpainien sortzaileak sustatu du.
Hodia zutabeen gainean egongo litzateke; horregatik, azpian geratzen diren lursailek beste erabilera bat izan dezakete, eta, ondorioz, proiektuaren kostua txikiagoa izango litzateke.
Gainera, kapsulek lebitatu egingo lukete, magnetismoari esker, eta energia kostua ere txikia izango litzateke.