Teknologia -
Salmenta eten zuten
Galaxy Note 7a berriz jarriko dute salgai, 'berregokituta'
Samsung konpainiak ez du zehaztu noiz eta zein merkatutan aterako duen sakelakoa.
Agentziak | Erredakzioa
Galaxy Note 7 berria izango da aurki merkatuetan, aurrekoak bateriarekin zituen arazoak gaindituta. Sakelakoa "berregokituta" jarriko du salgai Samsungek. Iazko urrian salmenta eten behar izan zuen konpainiak, bateria zenbaitzuek su hartu ondoren.
Hego Koreako konpainiak ohar batean azaldu duenez, akatsa zuten osagaiak birziklatu behar izan dituzte "berregokitzeko". Sakelakoek berriro erabil daitezkeen piezak dituzte, baina beste batzuk birziklatu behar dira. Hala, enpresa espezializatuek atera behar dituzte metala (kobrea, nikela, urrea eta zilarra) duten osagaiak.
Beste osagai batzuk, kamerak eta prozesadoreak esaterako, sakonki aztertu dituzte.
Prozesu guztia egiteko, ingurugiroa errespetatzen duten teknikak erabili dituztela nabarmendu du Samsungek.
Oraingoz, konpainiak ez du zehaztu noiz eta non merkaturatuko duen berregokitutako sakelakoa.