Teknologia -
EITBren Bilboko egoitzan
Kinect: Xbox-en aginterik gabeko bideojokoen kontsola, EITBn
Bestalde, AlhondigaBilbaora hurbiltzen direnek Kinect gailua probatu ahal izango dute gaur arratsaldean (20:30-21:30), azaroaren 10ean salgai jarri aurretik.
EITB
hoPLAY Bideojokoen Nazioarteko Jaialdiak bere lehen edizioa egingo du 2010eko irailaren 9tik 25era, AlhondigaBilbaok antolatuta, hots, Bizkaiko hiriburuan kokatutako aisialdi, kultura eta ariketa fisikorako zentro berriak. Jaialdi horren babesle izango dira: BBK, EiTB, Euskaltel, Microsoft, Lan Ekintza Bilbao, Marca Player, fnac eta FX Interactive eta EHU. Joko-eremuak, erakusketak, tailerrak, hitzaldiak eta beste hainbat jarduera eskainiko dira.
Jaialdia sustatzeko egingo diren ekitaldien artean, gaur, ostirala, abuztuak 27, 20:30etik 21:30era, hoPLAY’10en antolatzaileek, Microsoftekin elkarlanean, irrikaz itxoindako Kinect horren erakusketa publiko bat egingo du AlhondigaBilbaon. Aurretik goizean hainbat lagun ezagunek probatu dute kontsola EITBko egoitzan.
Estatu mailan estreinakoz: aginterik gabe jokatzeko aukera ematen duen Xbox 360 bideokontsolarako gailua da. EITBko egoitzan Michael Jackson aktorea ''Forever King of pop'' musikalean hezurmamitzen duten bi aktoreak; ''Chicago'' musikaleko aktoreak eta Urko Aristi eta Miriam Duque ETBko aktoreak probatu ahal izan dute.
Aurkezpen berezi honen ondoren, herritarrek Kinect plataforma erabiltzen jarraitu ahal izango dute irailaren 9tik 12ra bitartean, hóPLAY Bideojokoen Nazioarteko Jaialdian.
Bilbotarrek Kinect gailua probatzeko ohorea izango dute Espainian salgai jarri baino bi hilabete eta erdi lehenago, azaroaren 10erako aurreikusita baitago. Ausartenak ''Kinect Adventures'', ''Kinect Animals'', ''Kinect Joy Ride'' eta ''Kinect Sports'' jokoetan ibil daitezke Bilboko Kultur Gunean instalatutako 42 metro koadroko pantaila erraldoian.
hó PLAY Jaialdia
Bideojokoen mundura egindako hurbilpen ludiko, sortzaile eta hezitzailea izango da hó PLAY Bideojokoen Nazioarteko I. Jaialdia. Joko elektronikoek eta arte elkarreragileek kultura, arte, gizarte, teknologia eta industriaren alorrean dituzten alderdi desberdinak aurkeztuko zaizkie herritar guztiei.
Jaialdiaren barruan bideojokoen nazioarteko txapelketa izango dugu, eta horren barruan, enpresa independenteen nahiz bideojokoak garatzen dituzten konpainia handien azken sorkuntza-lanak aurkeztuko dira lehiaketara, eta grafiko, musika, jokagarritasun eta jendearen sari handiari dagozkion kategorietan arituko dira lehian.
Halaber, tailerrak, adituen hitzaldiak eta dokumentalak ere eskainiko dira Jaialdian. hó Games gunean, berriz, parte hartzaileek joko onenak probatu ahal izango dituzte.