Teknologia -

Sarearen saturazioa

Telefonicak tarifa finkoari buruzko eztabaida ireki du berriro

Operadoreak erabiltzaile bakoitzaren araberako "tarifa malguak eta segmentatuak" proposatzen ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julio Linares Telefonicako kontseilari delegatuak, operadoreek, Interneten izan den datu-trafikoaren gorakadara moldatzeko, diru-sarrera berriak bilatu beharraren inguruko eztabaida piztu du berriro. Erabiltzaile bakoitzak benetan kontsumitzen duenaren arabera ordaintzea da proposamenetako bat, hau da, tarifak zerbitzu edo erabiltzaile motaren arabera bereiztea proposatu du UIMP Unibertsitatean (Santander) telekomunikazioei buruz antolatutako foro batean.

Konpainien arabera, datu-trafikoaren gorakadak gastuak eta inbertsioak eragiten ditu, baina diru-sarrerek, berriz, ez dute gora egiten. "Gastuek diru-sarrerak gainditzen badituzte,negozio eredu honek porrot egingo du. Baina inork ez du hori gertatzerik nahi", esan zuen Linaresek. Horrez gain, trafikoa eragiten duten tarifa finkoak dituzten erabiltzaileek eta publizitateari esker diru-sarrerak dituzten edukien hornitzaileek Interneteko sareak erabiltzeagatik ordaintzea proposatu beharko litzatekeela adierazi zuen. Horrela, deskargak, bideoak edo streamingak kontsumitzen dituztenek gehiago ordaindu beharko lukete.

Hala ere, Telefonicak aurretik ere sortu du inoiz gai honi buruzko eztabaida. Joan den otsailean, Cesar Alierta Telefonicako presidenteak aurreratu zuenez, operadoreak Interneteko bilatzaileei (Googleri, esaterako) kanon bat kobratzea aztertzen ari zen, "sareen gehiegizko erabileragatik".

Deskargak, bideoak edo streamingak

Uda honetan, beste operadore batzuek (Orange, tartean) eztabaida honekin bat egin dute, eta telekomunikazio sareen saturazioa saihesteko gero eta inbertsio handiagoak egin behar dituztela argudiatu dute.

Linaresen adierazpenek era guztietako iritziak eragin zituzten Sarean. Hori dela eta, kontseilari delegatuak bere hitzak azaldu behar izan zituen: "Telefonicak tarifa finkoa erabiltzen jarraituko du, arduratzen gaituen gauza bakarra bezero batzuek egiten duten erabilpen mugagabea da". Hala ere, saturazioari aurre egiteko, operadoreek erabiltzaile bakoitzaren araberako "tarifa malguak eta segmentatuak" proposatzen ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea