Teknologia -
errealitate areagotua
Google Glass betaurrekoak bueltan dira
Ahaztuta ziruditen arren, aurki salgai jarriko dituela iragarri du Googlek, baina enpresa munduari zuzenduta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Google Glass betaurreko adimendunak bueltan dira. Proiektua ahaztuta zegoela zirudien arren, Googlek iragarri du salgai jarriko dituela; hori bai, enpresa munduari zuzenduta. Glass Enterprise izango dute izena betaurrekoek.
Europa osoan, bi enpresak baino ezingo dituzte banatu, eta horietako bat Espainiako Estatukoa da: Streye murtziarra.
Enpresa hori 2015eko amaieran hasi zen Google Glassentzat aplikazioak sortzen, isilean, Googlek berak eskatuta.
Betaurrekookin audio eta bideo streamingak egin ahalko dira, eta lan protokoloak eta alerta geolokalizatuak kudeatzeko aukera emango dute.
Ezaugarriak
Google Glass berrien pantaila adimenduna betaurrekoetatik kendu ahal izango da, beste era bateko betaurrekoetan jartzeko.
Gainera, betaurrekoak tolesgarriak izango dira, edozein fundatan sartu ahal izateko.
Horien funtzionamendua ez da aldatu: pantaila eskuineko begian dago, eta aginduak ahotsaren bidez eman daitezke.
Glass Enterprise gailuak 2 GBeko RAM memoria du, eta 32 GBeko espazioa. 5 megapixeleko bideokamera du, eta 780 mAh-ko bateria; hots, 90 minutuko streamingak eskaintzeko bestekoa.
Prezioa
Googleren betaurreko adimendunak bi bertsiotan jarriko dituzte salgai. Oinarrizko modeloak 1.550 euroko salneurria izango du, eta bizi osorako aplikazio pakete bat ere izango du eskuragarri erabiltzaileak mila euro gehiagoren truke.