Teknologia -

Iskanbilaren ostean

Gatesek eta Buffettek aberatsak lasaitu dituzte, Txinara joan aurretik

Enpresariek Txinako handi-mandiekin afaria antolatu dute, Pekinen, "esperientziak partekatzeko".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi enpresari estatubatuarrek Xinhua berri-agentzia ofizialera bidalitako eskutitz batean, Txinara egingo duten bidaia ez dela inori dirua eskatzeko azaldu dute, eta euren helburua "ikastea, entzutea eta bizitako esperientziei buruz jakin nahi dutenei erantzutea" dela adierazi dute.

Eskutitza Txinako komunikabideetan sortu den iskanbilaren ostean iritsi da; izan ere, bi enpresari estatubatuarrek irailaren 29rako antolatutako afarira herrialde asiarreko 50 pertsonarik aberatsenak gonbidatu dituzte eta horietako bik baino ez dute baiezkoa eman.

Aurten, bi filantropoek "Givin Pledge" proiektuarekin Ameriketako Estatu Batuetako 40 aberats garrantzitsuk euren dirutzaren erdia ongintzako ekintzetarako uztea lortu dute. Txinatarrei bidalitako eskutitzean, berriz, Txinan eta AEBetan ez dutela egoera berdina argitu dute.

Proiektu hori "filantropia ikusteko era bat besterik ez da, eta ez dakigu Txinarentzat egokia den".

Hala ere, estatubatuarren esanetan, "gaur egun Txinan dauden enpresari arrakastatsuek aukera ona dute hurrengo belaunaldietako herritarrentzat eredugarriak izateko". Bestalde, herrialde asiarrak dirua emateko ohitura aspalditik duela gogorarazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea