Teknologia -
2011n
Blackberry PlayBook, Appleren iPad gailuaren konpetentzia berria
Aparatu berriak 7 hazbeteko pantaila izango du eta iPad-ak baino 300 gramo gutxiago pisatuko ditu. Nazioarteko merkatuetara datorren urteko apirilean iritsiko da.
Erredakzioa
Research In Motion (RIM) konpainia kanadarra tablet gailuen negozioan sartu da kaleratu berri duen BlackBerry PlayBook izenekoarekin. Gailu berria Appleren iPad-aren konpetentzia izango da.
PlayBooka DeyCon 2010 software garatzaileen azokan aurkeztu dute, San Franciscon. Bertan, Mike Lazaridis RIMeko presidenteak esan duenez, ukipen anitzeko pantaila duten ordenagailu ospetsuen merkatua eraldatzeko iritsi den "lehen tablet profesionala" da.
Gailuak 7 hazbeteko ukipen anitzeko pantaila izango du, 400 gramoko pisua (iPadak baino 300 gutxiago) eta 9,7 milimetroko lodiera, eta 1080 pixel izango dituenez, bereizmen handiko bideoak ikusteko aukera ere emango du.Horrez gain, Wi-Fi konexioa izango du. Kaleratuko dituzten lehen gailuek ez dute 3G teknologiarik izango, baina RIMek aurrerago gehituko dio. Hala ere, bluetooth bidez BlackBerry telefonoekin sinkronizatu ahalko da. Gainera, gailu berriak flash eta HTML5 formatuak onartuko ditu, gigabyte bateko RAM memoria eta HDMI eta USB konexioak izango ditu, eta baita bi kamera ere, 3 eta 5 megapixelekoak.
PlayBook berriak orain arte Appleren iPadak menderatzen zuen merkatua aldatzeko asmoa du. Samsung, Toshiba eta Dell konpainiak ere hori egiten saiatu dira.