Teknologia -
FRONTBALL PROIEKTUA
Euskal pilotak bat egin du PlayStation kontsolarekin bideo-joko berri bat garatzeko
Espainiako Pilota Federazioak lankidetza abiatu du PlayStation kontsolarekin, frontballari buruzko bideo-joko bat garatzeko. Dagoeneko ikusgai dago promoziorako bideoa.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal pilota bezalako kirol tradizionalak eta Sony konpainia japoniarraren PlayStation kontsolak bat egin dute kirol hori 'frontball'aren bidez hedatzeko: Espainiako Pilota Federazioak zabaldu nahi duen jokoaren bertsio hiritarra eta berritua, hain zuzen.
Gazteen eta bideo-jokoen sektore teknologikoan erreferente den enpresa baten laguntzaz, euskal pilotaren populartasuna errekuperatzea da Julian Garcia Euskal Pilotaren Espainiako Federazioko presidentearen estrategia. "Euskal pilotan kalean jokatzea baino ez da 'frontball' jokoa. Izan ere, jendea ez da frontoietara joaten jokatzera; beraz, geroz eta gutxiago jokatzen da. Kirol horri dagokion tokia ematen saiatu nahi dugu", esan du Garciak. 25.000 pilotarik dute federazioko lizentzia.
Pilotaren modalitate "moderno, grafitero eta kaleko" hori hainbat herrialdetan jokatzen dute, AEBn, esaterako. 2015ean, diziplina gisa onartu zuen Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioak.
Espainiako Federazioaren estrategiaren arabera, 'frontball'a eskoletara eraman nahi dute honako baliabide hauen bidez: irakasgai didaktikoak, bideoak, promozio-jardunaldiak frontoi eramangarrietan, irakasleen formakuntza eta kirol material promozionala.
Oraindik ikertzen
"Pilota berritu nahi duen proiektu ederra da, eta PlayStationaren modernotasun balioekin eta jendeari kirol osasuntsu eta erraz batekin entretenitzen laguntzeko gure ikuspegiarekin bat datorrela iruditzen zaigu", azaldu du Jorge Huguet PlayStation Iberia etxeko Marketin zuzendariak.
Oraindik aztertzen ari diren lankidetzaren baitan, 'frontball' jokoan oinarritutako bideo-joko bat diseinatzeko aukera analizatzen ari dira. Ideiak aurrera egingo balu, 'PlayStation Talents' programa erabilita egingo lukete, konpainiak garatzaile independienteei laguntzeko duten euskarriarekin, alegia. "Aukera aztertzen ari gara, baina oraindik ez dago erabakita", ohartarazi zuen Huguetek.
Garatzaileen egitasmo horren bidez, azken hiru urteotan 40 joko independiente atera dituzte. Hala, proiektuak aurrera eginez gero, etorkizuneko joko horietako bat izango da 'frontball'a. Horretarako, kanpaina grafiko berritzailea ipini dute martxan. Bideoan ikus daitekeenez, grafitiz margotutako horma baten aurka jokatzen dute animaziozko bi pertsonaiak.