Teknologia -
Berrikuntza
Etorkizuneko trenak bidaiariaren estresa neurtzeko gai izango dira
Elektronika inprimatuari esker, besteak beste, trenean zutik zenbat lagun doazen eta horien estres-maila zenbatekoa jakitea posible izango da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etorkizuneko trenetan ergonomia eta erosotasuna hobetuko dute, elektronika inprimatua erabilita. Teknologia horri esker eserlekuek berogailua izango dute eta barrari helduta zutik doazen pertsonen kopurua nahiz haien estres-maila zenbatekoa den jakitea posible izango da.
Hala iragarri du Laia Garriga Eurecat trenbide sektoreko Kataluniako Teknologia Zentroko zuzendariak BEC erakustazokan egiten ari diren World Metro & Light Rail izeneko kongresuan.
Kataluniako Teknologia Zentroak 600 profesional baino gehiago ditu lanean, urtean 43 milioi euro inguru fakturatzen ditu eta 1.500 enpresari ematen die zerbitzua.
Garrigak zehaztu du elektronika inprimatuak hobekuntza horiek ahalbidetuko dituela eta zerbitzu berri horiek bost urte baino lehenago egongo direla trenetan erabilgarri.
"Teknologia honek trenbide sareko ibilgailuen barruan funtzionalitate ezberdinak ezartzeko aukera zabala eskaintzen du, eta horrek bidaiatzearen esperientzia nabarmen hobetzea ekarriko du", azaldu du.
Beste berrikuntza bat ere iragarri du: zirkuitu integratuei esker, komunetako botoi mekanikoak desagertuko dira eta, beraz, "komunetako higienea hobetuko da, erabiltzaileak txorrota ukitu beharko ez duelako".
Era berean, barretan ezarritako elektronika inprimatuaren bidez, "zutik doazen bidaiariak zenbat diren eta haien estres-maila zenbatekoa den jakingo da", erantsi du Garrigak.
Berrikuntza hauek guztiak trenetan nahiz metroko eta tranbiako bagoietan ezarriko dituzte.
Guillem Quintana Eurecateko Industria Negozio Garapenerako zuzendariak gaineratu du teknologia berri honi esker "trenak eraikitzeko eta horien mantentze-lana egiteko kostuak murriztu" egingo direla.