Teknologia -
protesta
Wikipediak bilaketak eten ditu EBko egile eskubideen gaineko bozketaren aurrean
Gaztelaniaz jarduten den komunitateak zerbitzuak ixtea erabaki du, Europako Parlamentuan egitekoa den bozketa bukatu arte. Euskaraz, katalanez, frantsesez edo ingelesez normaltasunez ari dira.
eitb.eus
Wikipediak gaztelaniaz eskaintzen dituen zerbitzu guztiak etetea erabaki du gaur, asteazkena, Europako Parlamentuan bihar bozkatzekoa den datuen babeserako legearen 11 eta 13. artikuluen aurka protesta egiteko. Blokeoa nabigatzaile baten bidez sartzean gertatzen da, baina aplikazioaren bidez erabil daiteke.
Hala, Wikipedian gaztelaniaz jarduten den komunitateak etena egingo du testua bozkatu baino lehen eta bozketa izaten den bitartean, hau da, gaurtik -asteazkena- bihar 12:00ak arte. Italieraz ematen den entziklopediak ere blokeatu egin ditu bilaketak.
Halere, entziklopedia digitalaren beste komunitate askok protesta mezua erakustea erabaki dute, baina bilaketak blokeatu barik, esaterako, ingeleseko bertsioan.
Beste batzuek, aldiz, ez dute mezurik erakusten, eta ez dute inolako zerbitzurik eten, besteak beste, frantsesez, euskaraz eta katalanez.
Ostegunean Europako Parlamentuak bozkatuko duen Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluak dioenez, Internet hornitzen duten plataformek erabiltzaileek igotzen dituzten eduki guztien analisia egin behar da. Horren helburua, antza, 'copyright' legeak urratzen duten materiala atzematea da.
EBren proposamenak, halaber, gardentasunari buruzko jarraibideak ezartzen dizkie Interneten jarduten diren enpresei, sortzaileei ordainketak egitea ere, eta Erregelamenduko 11. artikulua erreformatzea ere, hau da, identifikaziorik gabeko datuen tratamenduari buruzkoa.
Wikipediaren iritzian, Erregelamendua onartuz gero, "Internet ireki gaur egun ezagutzen dugun moduan kaltetuko luke, webean sartzeko iragazki, traba eta muga berriak" inposatuta.
Konpainiaren arabera, "sare sozialen bidez albiste bat partekatzea edo bilatzaile batetik hara heltzea nahasiagoa litzateke Interneten". Entziklopedia digitala bera arriskuan egongo litzateke, gaineratu du. proposamenak aipu, parodia, 'meme' eta abesti nahasketei ere eragingo lieke.
Wikipediak gaur egungo testuaren bozketan aurka bozkatzeko dei egin die Europako parlamentariei, eta "11 eta 13. artikuluak kendu, EB osora askatasuna hedatzea eta domeinu publikoa babestea" proposatu du.
Uztailaren 5ean, hala, Europako Parlamentuak proposamena bozkatuko du, ekainaren 20an Gai Legalen Batzordeak oniritzia eman eta gero.