Teknologia -
Aurkezpena
Steve Jobsek itzal egin dio iPad 2 berriari
Apple konpainiako sortzaileak ustekabekoa eman du eta aurkezpenean izan da. iPad berria aurrekoa baino arinagoa, meheagoa eta azkarragoa da.
Erredakzioa
''Tablets izenekoen zoramena hasi zenetik urtebete baino gehiago pasa da eta Apple konpainiak iPad 2, iPad arrakastatsuaren bigarren belaunaldia, aurkeztu du gaur.
Azkenean, Steve Jobs Apple-ko presidentea ekitaldian izan da. "Denbora asko daramat honetan lanean eta ez nuen galdu nahi", adierazi du Jobsek. Azken orduetan parte hartu behar ez zuela esan dute iturri askok, izan ere, iragan hilean baja hartu zuen berriro eta konpainiak ez du bere osasun egoeraren berririk eman.
2010ean 9.500 milioi dolarreko mozkinak lortu ditu Apple konpainiak iPad produktuari esker, Jobsek azaldu duenez: "Izan dugun produkturik arrakastatsuena, % 90eko merkatu-kuota batekin".
iPad 2 martxoaren 11n merkaturatuko dute AEBetan, eta Espainian eta Mexikon martxoaren 25ean egongo da salgai. Aurreko iPad-aren salneurri berdina izango du bigarren belaunaldiak, merkeenak 360 euro, alegia, eta 3G eta Wifi modeloak 577 euroko prezioa izango du.
"2011 iPad 2aren urtea izango da"
San Franciscoko Yerba Buena aretoan bildutako lagunek Jobs txalotu dute. 2010 iPad-aren urte izan baldin bazen, "2011 iPad 2 berriaren urtea izango" dela adierazi du Jobsek.
Jobs oso argal azaldu da, jertse beltz eta bakeroekin jantzita, Apple-ko buruzagiaren ohiko irudia, alegia. Enpresaren buruzagitzan jarraitzeko gaitasuna zalantzan jarri dute batzuek eta gaur zurrumurru horiek isilarazi ditu Jobsek.
Bi kolore
iPad 2 bi koloretan izango da salgai, zurian eta beltzean. Era berean, % 33 meheagoa izango da, iPhone 4 baino meheagoa. Prozesadorea askoz azkarragoa izango da eta argazkiak, bideoak eta bideo-deiak egiteko bi kamera izango ditu.
USB edo Adobe flash atakarik ez du izango, baina iPad 2k HDMI konexio bat izango du audio eta bideo digitalarentzako.