Teknologia -
Lehiakortasun kontua
Sonyren PS3 kontsolak berriz ere banatuko dira Europan
LGk Blu-rayaren patenteak urratzeagatik salatu zuen Sony, Hagan. Orain LGk epaiketaren gastuengatik 130.000 euro eta Sonyren gailuak geldituta egon ziren egun bakoitzeko 200.000 euro ordainduko ditu.
Erredakzioa
Otsailaren amaiera aldera, LG Electronics konpainiak patenteen inguruko salaketa egin ostean, Hagako epaitegiak Sony multinazionalari PlayStation3 (PS3) gailuen banaketa gelditzea agindu zion. Orain, Sonyk berak jakinarazi duenez PS3ak berriz ere banatzen hasi dira.
Guztira, 300.000 PS3 geldiarazi ziren Holandan, kontsola gehien banatzen diren herrialdeetako bat, adituen aburuz.
Seulen, LGk ez du adierazpenik egin nahi izan. Epailearen aginduaren arabera, LGk epaiketaren gastuengatik 130.000 euro eta Sonyren gailuak geldituta egon ziren egun bakoitzeko 200.000 euro ordaindu beharko ditu.
Sony Corporationeko bozeramaile batek martxoaren 10ean banaketa berriz ere hasi zela esan du, baina ez du kalteen inguruko xehetasunik eman nahi izan. Gainera, ordainik eskatzen jarraituko ez duela adierazi du.
Hala ere, bi konpainien arteko gatazkek aurrera jarraituko dute; izan ere, oraindik ere hainbat auzi ditu argitzeko zain.