Teknologia -
Polemika
Applek homosexualitatea 'sendatzen' duen aplikazioa onartu du
"Exodus International" izeneko elkarte kristau batek garatu du. Erabiltzaileek, bestalde, "zentzugabea" eta "lotsagarria" dela esan dute.
Erredakzioa
Iskanbila eragin duen aplikazio berria kaleratu du Applek iPhone eta iPad gailuentzat. Homosexualen hainbat elkartek atsekabea erakutsi dute konpainiak App Storean "homosexualei berriz ere heterosexual izateko aukera emango dien" aplikazioa salgai jarriko duela jakitean.
Daily Mail egunkariak argitaratu duenaren arabera, " Exodus International" izeneko elkarte kristauak garatu du aplikazioa eta "Jesukristoren boterearen bitartez" homosexualitatearen "sendagaia" dela bermatzen du.
Applek bere kalitatearen sailkapenean 4 bat eman dio; horren arabera, erabiltzailearentzat "eduki kaltegarririk" ez duela esan nahi du. Erabiltzaileek, berriz, "zentzugabea" eta "lotsagarria" esateko notarik eskasena eman diote.
Hala ere, ez da Apple horrelako egoera batean dagoen lehen aldia. Duela hilabete gutxi, konpainiak homosexualitatearen eta abortuaren aurkako beste aplikazio bat kendu behar izan zuen.