Teknologia -
Akordioa lortu dute
Microsoftek Skype erosi duela baieztatu du
Software ekoizleak 5.900 milioi euro ordaindu ditu Interneteko telefonia enpresaren truke. Microsoften aburuz, eragiketari esker bideo eta ahots bidezko komunikazioak hobetuko dituzte.
Erredakzioa
Microsoft konpainia estatubatuarrak Skype Technologies erosi du 8.500 milioi dolarren (5.900 milioi euro) truke. Horrela adierazi du Microsoftek berak komunikatu batean.
Akordioak bi enpresetako administrazio kontseiluetako kide guztien oniritzia jaso du eta gainontzeko erregulatzaileen onarpenak urtea amaitu aurretik lortzea espero dute.
Microsoftek adierazi duenez, erosketa horri esker, denbora errealean egiten diren bideozko eta ahozko komunikazioak hobetuko ditu; erabiltzaileentzat ere onuragarria izango da (enpresentzat eta kontsumitzaileentzat), eta "negozioak egiteko aukera berri garrantzitsuak eragingo ditu".
Horrez gain, Microsoften aburuz, bi enpresen uztarketak Skypen marka eta sareko plataforma areagotuko ditu. Gainera, gaur egun duen produktuen sorta eta denbora errealeko komunikazio zerbitzuak hobetuko ditu.
Erosketa handiena
The Wall Street Journal egunkariak aurreratu duen eragiketa hau Microsoftek egindako erosketarik handiena da. Software ekoizleak azaldu duenez, Skypen bezeroentzat Microsoft ez den beste plataforma batzuetan inbertitzen jarraituko du.