Teknologia -
'Emoji'aren Nazioarteko Eguna
Twitterren gehien erabiltzen duten emotikonoa malkoz bustirik eta barrezka dagoena da
Udazkenean aterako dituzten ‘emoji’ berriak urritasuna duten pertsonak irudikatuko dituzte, hala nola pertsona gorrak, gurpil-aulkitan, eta bastoi batez baliatzen direnak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barrezka dagoen eta aurpegia malkoz bustirik duen emotikonoa 2.291 milioi aldiz erabili dute Twitterren 2013ko uztailetik. Horregatik, 'Emoji'aren Nazioarteko Eguna dela eta Hootsuitek argitaratu duen informearen arabera, sare sozial horretan gehien erabiltzen duten ikurra da. Hurrengo biak bihotz gorria (1.097 miloi) eta birziklatzearen ikurra (936 milioi) dira.
Ikur horiek 200 baino gutxiago ziren 1990an, Japoniako NTT telefonia mugikorrak lehengo emotikonoak izan ziren marrazkiak egin zituenean. 2008an, Applek bere lehen emoji katalogoa atera zuen. Ondorioz, ikur horiek mundu osoan erabiltzen hasi ziren.
Egun, 2.000 emoji baino gehiago daude, eta Unicode partzuergoak arautzen ditu. Milaka erabiltzaileren eskaerak irakurri ondoren, urtero emotikono berriak sortzen dituen irabazi-asmorik gabeko nazioarteko erakundea da Unicode.
Aurtengo ikur berriak
Urritasuna duten pertsonak irudikatuko dituzten emotikono berriak nabarmenenak dira: pertsona gorrak (emakumezkoak zein gizonezkoak, hainbat etniatakoak), beso eta hanka mekanikoak, belarri bat audiofono batekin, gurpil-aulkitan doazen pertsonak, eta itsu-txakurrez edo bastoiez baliatzen diren pertsonak.
Irudia: Emojipedia
iOSen kasuan, bi pertsona eskutik lotuta agertzen diren emotikonoaren 75 konbinazio eskainiko dituzte, sexu eta etnia ezberdinetan. Horrez gain, aho-zabalka ari den aurpegia, bainujantzi bat, elikagai berriak (gofre, falafel, gurina eta baratxuria), animalia berriak (esaterako, nagia, flamenkoa, orangutana eta mofeta). Guztira, Appleko 59 diseinu berri egongo dira udazkenean.
Androidek 65 emoji berri gaineratuko ditu irailean, Android Q mugikor-modelo berriko aurkezpenean maiatzean erakutsitako 53 ikur ez binarioekin batera, hau da, genero anbiguokoak. Kirol gehiago irudikatuko dituzte, besteak beste waterpoloa, eskubaloia eta saskibaloia.
Irudia: Emojipedia