Teknologia -

Gertaera garrantzitsua

PuntuEus Elkarteak .eus domeinua eskatuko du 2012an

Enpresek, hiriek eta erakundeek domeinu propioa izango dute Interneten; izan ere, Izenak eta Zenbakiak Banatzeko Nazioarteko Korporazioak domeinu orokor berriak eskatzeko aukera irekiko du 2012an.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Domeinu berrien prozesuan inflexio-puntu bat suposatzen duen erabakia hartu du gaur ICANNek: 2012ko urtarrilaren 12an lehen mailako domeinu orokor berriak eskatzeko aukera irekiko du (gTLD, generic Top Level Domain).

PuntuEus Elkarteak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, "orain hilabete erabakigarriak datozkigu: eskatzen dizkiguten baldintza guztiak bete eta proiektuari benetako bultzada ematekoa. Ildo horretan, PuntuEus Elkarteak .eus eskatu eta lortzera bideratuko ditu bere indar guztiak. "2012arekin .EUS eskatuko dugu eta, nahiz eta eskatzeak bere onarpena bermatzen ez duen, ebaluazio fase osoaren ondoren, 2013a martxan egongo den .eus domeinuarekin hasiko dugula sinesten dugu", esan dute.

"PuntuEus Elkartea albiste honen zain egon da jaio zen egunetik. Hiru urte baino gehiago daramatzagu prozesua gertutik jarraitu eta bertan parte hartzen. Hiru urte horietan izaera, tamaina eta jatorri ezberdinetako 60 elkarte eta erakundek baino gehiagok egin dute bat PuntuEus Elkartean eta 26.500 atxikimendu pertsonaletik gora jaso ditugu gure webgunean", azaldu dute.

“Gaurko erabakiak Interneteko aro berri baten hasiera iragartzen duela” esan du Peter Dengate Thrushek, ICANNen Zuzendaritza Mahaiko lehendakariak. ICANNeko CEO Rod Beckstromek berriz, “edozein hizkuntza eta idazkerako lehen mailako domeinu berriak eskatu ahal izango direla” azpimarratu du.

Izan ere, domeinuen historian lehen aldiz, hizkuntza eta idazkera ezberdinetako domeinuak eskatzeko aukera irekiko da (idazkera arabiarra edo txinatarra, esaterako).

Gaurko erabakira iristeko bidea, ordea, luzea izan da. Lehen mailako domeinuak eskatzeko azken aukera 2004an ireki zen eta, azken zazpi urtetan, ICANN erakundea domeinu berriak eskatzeko politikak definitu eta hauen ebaluaziorako irizpideak zehazteko eztabaida prozesu batean murgilduta egon da.

Prozesu hori gertutik jarraitu du PuntuEus Elkarteak, eztabaidaren parte ere izanez. "Baina ez dugu horren berri eman, ez baitugu .eus domeinua eskatzeko data zehatz eta hain egiazkorik gaur arte ezagutu", gaineratu dute.

Hori horrela, orain arteko esperientziatik abiatuta, "data zehatz honen gaineko ziurtasuna ez dugu %100ean kokatzen". Azken zazpi urtetan ICANNek aurkeztu dituen datak ICANNek berak atzeratu ditu.

"Baina egia da eztabaida prozesuak inoiz baino fruitu gehiago eman dituela azken urtebetean eta horrek erakusten digula 2012ko urtarrilaren 12an domeinuak eskatzeko aukera kasik ziurra izango dela", aipatu dute.

ICANNek egutegi zehatza du eskuetan: uztaila erdialdean Applicant Guidebook-aren azken bertsioa onartuko da (hori da domeinuak eskatzeko bete behar diren baldintzen eta dokumentuen gidaliburua); abuztutik aurrera eta lau bat hilabetez, domeinu berriak eskatzeko prozesuaren irekieraren berri emateko mundu mailako komunikazio kanpaina jarriko dute martxan; eta, horren ondoren, 2012ko urtarrilaren 12an hasi eta apirilaren 12ra arte, lehen mailako domeinu berriak eskatzeko leihoa irekita mantenduko da.

Hori horrela, Izenak eta Zenbakiak Banatzeko Nazioarteko Korporazioak (ICANN) adierazi duenaren arabera, enpresek, hiriek eta erakundeek domeinu propioa izango dute Interneten. Sarean gertaera garrantzitsua dela gaineratu erakundeak.

Aldaketa horrek erakunde publikoek eta pribatuek atariaren helbidearen amaieran euren izena jartzeko aukera emango du eta .com, net edo org bukaerak ordezkatuko ditu.

Ekimena Interneten egin den garrantzitsuenetako bat da eta erakundearen zuzendariak Singapurren egin duten ICANNeko urteko bileraren ostean eman dute aditzera.

Domeinu propioari esker, Googleren laguntzarik gabe, erabiltzaileak zuenean atarietara bideratuko dituzte enpresek. Gainera, edozein hizkuntza erabiltzeko eskubidea bermatzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea