Teknologia -
Aldaketak sare sozialean
Facebookek aldaketak egin ditu eta pribatutasun gehiago agindu du
Hemendik aurrera, sare sozialeko erabiltzaileek aireratzen duten eduki bakoitza norekin partekatzen duten zehazteko aukera izango dute.
Erredakzioa
Erabiltzaileek pribatutasun aukerak kontrolatzeko moduan aldaketa garrantzitsuak sartuko dituela iragarri du Facebookek.
Aldaketa horiei esker, Facebookeko 750 milioi erabiltzailek pribatutasun kontrolak moldatzeko aukera izango dute Sarean edukia aireratzen duten bakoitzean.Erabiltzaile batek Facebookera argazki bat igo eta bere lagunak argazkian "etiketatzen" dituenean, horiek etiketa onartzeko aukera izango dute irudia euren profilean atxiki baino lehen.
Pribatutasuna erronka handia izan da behin eta berriro Facebookentzat, horren sostengu nagusia publizitatea izanik, bateragarri egin behar baititu Sareak gero eta erabiltzaile gehiago izatearekin lotutako interes komertziala eta erabiltzaileek euren informazio pertsonalaren kontrola izateko duten sentsibilitatea.
Pribatutasunaren inguruko kezka areagotu egin da orain gutxi, Facebookek aurpegiak antzemateko teknologia (argazkietako pertsonak automatikoki identifikatzen duen teknologia) zabaltzea erabaki ondoren.