Teknologia -
San Frantziskon
Appleko langile batek iPhone 5en prototipo bat galdu du taberna batean
Bertatik alde egitean ez zuen hartu, eta ohartu eta bila joan zenerako, jada berandu zen, ez baitzegoen. Konpainia haren bila dabil, izan ere, "balio oso handia du".
Erredakzioa
Appleko langile batek iPhone 5en prototipo bat galdu zuen San Franciscoko (AEB) taberna batean. Enpresak ez du salaketarik jarri, baina San Franciscoko Poliziarekin harremanetan jarri da hori bilatzeari ekiteko.
Ahazte hori uztailean izan zen, San Franciscoko Cava 22 tabernan. Langileak ez zuen iPhone 5a hartu, eta ohartu eta bila joan zenerako, jada berandu zen, ez baitzegoen. Konpainia eta Polizia horren bila ari dira, "balio oso handia" baitu.
Applek tresna berezi bat erabili zuen gailua non zegoen jakiteko, eta San Franciscoko auzo bateraino jarraitu zion haren arrastoari. Agenteak eta konpainia horretako kideak etxe batera joan eta prototipoa galdu zen egunean Cava 22 tabernan egon zela onartu zuen gizon batekin harremanetan jarri ziren. Hala ere, gizonezkoak esan zien ez zuela telefonoa hartu eta ez zekiela non zegoen.
Appleko langileek saria eskaini zioten, baina ezin izan zioten informazio gehiago atera. Oraindik ez dakite prototipoa non dagoen, baina Craiglist iragarki klasifikatuen webean 200 dolarren truke (139,1 euro) saldu dutela uste dute. Applek ez du adierazpenik egin gai horri buruz, eta ez du prototipo berriari buruzko informaziorik baieztatu.