Teknologia -
2012an salduko dute
Microsoftek gaur aurkeztuko ditu Windows 8ren berrikuntza nagusiak
Konpainia estatubatuarraren arabera Windowsek inoiz izan duen eraldaketa handiena izango da duela 16 urte Windows 95 kaleratu zutenetik.
Erredakzioa
Microsoft informatika konpainia estatubatuarrak Windows 8 sistema eragile berriaren berrikuntza nagusiak aurkeztuko ditu gaur. Konpainiaren arabera Windowsek inoiz izan duen eraldaketa handiena izango da duela 16 urte Windows 95 kaleratu zutenetik.
Tableten eta smartphoneen loraldia ahalbidetu duten mikroprozesagailuak erabiltzen ditu Windows 8k, eta tresnekin eta ukipen-pantailekin ondo moldatuko da, enpresak ekainean egin zuen erakustaldi batean ikusi ahal izan zenez.
WPC 2011 bileran, uztailean Los Angelesen egin zen horretan, Microsoftek ez zuen Windows berriari buruzko daturik eman eta xehetasunak Build software konferentzian emango zituela jakinarazi zuen. Konferentzia hori egunotan izango da Kalifornian.
"1995ean Windowsek PCa aldatu zuen. Buildek erakutsiko du Windows 8k dena aldatuko duela", dio ekitaldiaren webgune ofizialak.
Orain arte zabaldu denaren arabera, Windows sistema eragile berriak azkarrago lan egingo du, tabletentzat, ordenagailu eramangarrientzat eta PCentzat balioko du; baita ukipen-pantailentzat ere.
Microsoftek oraindik ez du jakinarazi noiz hasiko diren sistema-eragile berria saltzen, baina 2012ko hasierarako probatzeko moduan jarriko dutela espero da, udarako salgai eduki ahal izateko.