Teknologia -
Iruzurra
Iruzur eginez Instagrameko kontuak lapurtzea helburu duen kanpaina bat salatu dute
Ustez egile eskubideekin zerikusia duen kontu batek mezu bat bidaltzen dio biktimari, ingelesez, azken argitalpenetako batean egindako ustezko arau-hauste baten berri emanez.
eitb.eus
Zibersegurtasuneko adituek ohartarazi dutenez, iruzur eginez Instagrameko kontuak lapurtzea helburu duen kanpaina baten berri izan dute. Horretarako, gaizkileek kontu faltsuak sortzen dituzte eta mezu pribatuak bidaltzen dizkiete biktimei.
Hain zuzen ere, ustez egile eskubideekin zerikusia duen kontu batek mezu bat bidaltzen dio biktimari, ingelesez, azken argitalpenetako batean egindako ustezko arau-hauste baten berri emanez.
Hala, copyright arazorik ez dagoela uste badu, talde tekniko faltsu batekin kontaktuan jartzeko eskatzen zaio erabiltzaile horri. Bestela, 24 orduko epean kontua desaktibatuko diotela ziurtatzen dute.
Horretarako, gaizkileek <helpteaminstagramcommunity[.]ml> helbide elektronikoa eransten dute mezuan, eta biktimei haien informazioa sartzeko eskatzen diete (gerora kontua lapurtzeko erabiliko dutena). Horrez gain, kasu horren ustezko zenbakia jartzen dute.
Iruzurra jasan duten erabiltzaileek salatu dutenez, gaizkileek kontu bat lapurtzeko behar diren datu guztiak eskatzen dituzte: erabiltzailea, pasahitza eta posta elektronikoa.
Ildo horretatik, gaizkileek erabiltzen dituzten kontu faltsu horietan, Facebooken jabetzakoa den sare sozial ezagun horren logoa kopiatzen dute. Halaber, deskribapenean Instagramerako benetako esteka jartzen dute, eta sare sozial horren kontu ofiziala jarraitzen dute bakarrik, benetakotasun sentsazioa emateko asmoz.
Hori dela eta, kontu faltsuak direla eta soilik beste erabiltzaile batzuen datuak lapurtzea dutela helburu ohartarazi dute zibersegurtasuneko adituek. Arrazoi horregatik, ez fidatzeko eta Instagramen bertan profil faltsu hori salatzeko eskatu diete gisa horretako mezuak jasotzen dituzten herritarrei, kontu faltsu horiek lehenbailehen deskatibatu ditzaten.