Publizitatea
Itxi

2021/01/14

08:38

Teknologia

SARE SOZIALAK

WhatsApp bidezko mezu eta deiek pribatuak izaten jarraituko dute eguneratu ondoren

EITB MEDIA

Baldintza eta pribatutasun politika berriak sortutako kezkaren aurrean, WhatsAppek "% 100 argi" utzi nahi izan du erabiltzaileen mezu eta deien pribatutasuna babesten jarraitzen duela.

  • "WhatsApp bidezko mezu eta deiek pribatuak izaten jarraituko dute".

    "WhatsApp bidezko mezu eta deiek pribatuak izaten jarraituko dute". Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

WhatsAppek ziurtatu duenez, bere pribatutasun politikaren aldaketek ez dute eraginik erabiltzaileek plataforma horren bidez egiten dituzten mezu eta deien pribatutasunean, elkarrizketak muturretik muturrera enkriptatuta babesten baititu.

Eguneraketa berriaren aldaketak —otsailaren 8an sartuko da indarrean eta erabiltzaile guztiek onartu beharko dute aplikazioa erabiltzen jarraitzeko— WhatsAppek erabiltzaileengandik jasotzen dituen datuei eta horien tratamenduari buruzkoak dira. Eguneratzeak aldatu egiten du, halaber, negozioek Facebooken ostatatutako zerbitzuak erabiltzeko modua, WhatsAppeko txatak gordetzeko eta administratzeko.

Konpainiaren arabera, politika berriek ez dute aldaketa materialik eragingo datuak prozesatzeko moduan Europar Batasuneko erabiltzaileentzat, eta aplikazioak ez ditu erabiltzaile horien datuak Facebookekin partekatzen enpresa nagusiak bere produktuak eta iragarkiak hobetu ditzan.

Hala ere, WhatsApp Facebook konpainiak eskuratu zuen, eta politiketan izandako aldaketak eta mezularitza zerbitzua erabiltzen jarraitu ahal izateko onartu behar izanak erabiltzaile asko kezkatu ditu, konpainiak elkarrizketa horien edukia eskuragarri duela edo izango duela uste baitute.

WhatsAppek gezurtatu egin du informazio hori eta "% 100 argi" utzi nahi izan du mezuen pribatutasuna babesten jarraitzen duela muturretik muturrera enkriptatuta. Twitter sareko bere profilean duen infografia batean azaldu duenez, horrek esan nahi du WhatsAppek eta Facebookek ezin dituztela mezu pribatuak ikusi, ezta deiak entzun ere.

Plataformak ez du erregistratzen erabiltzaileak nori idazten edo deitzen dion, eta ezin du kokapen partekaturik ikusi. Gainera, ez ditu kontaktuak Facebookekin partekatzen eta taldeak ere pribatuak direla ziurtatu du.

Beraz, pribatutasun politika eguneratzeak "ez dio lagunekin edo senideekin partekatzen diren mezuen pribatutasunari eragiten", berretsi du konpainiak.

Halaber, WhatsAppek erabiltzaileei gogorarazi die tenporizadore bat ezar dezaketela mezuak automatikoki ezabatzeko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena