Teknologia -
Azoka elektroniko handiena
Ultrabook, telebistak eta Microsoften agurra, CES azokan protagonista
Munduko azoka elektroniko handiena irekiko da astelehen honetan eta jada adituek OLED eta AMOLED sistemen urtea izango dela iragarri dute.
Erredakzioa
Bereizmen handiko telebistak eta finagoak, ordenagailu portatilen belaunaldi berria eta ultrabookak izango dira Las Vegaseko Consumer Electronics Show (CES) azokako aurtengo protagonistak. Astelehen honetan irekiko ditu ateak, eta Microsoften agurra ere iritsiko da bertan.
2012a OLED eta AMOLED sistemen urtea izango dela iragarri dute jada adituek, pantailen etorkizun oparoko teknologia, eta badirudi aurtengo azokan sendotu egingo dela, izan ere, pantaila erraldoiak aurkeztuko dituzte, LGk iragarri duen 55 hazbetekoa esaterako.
Prozesadoreen hobekuntzak, aplikazio berrien garapenak eta Google TVren iragarpenak konektatutako telebistaren kontzeptua azokako hizpide bilakatuko dute. Betiko telebista birmoldatuko da betaurrekorik gabe ikusi daitezkeen 3D irudiekin eta ahotsaren eta keinuen bitartez kontrolatu daitezkeen gailuekin.
Ultrabookak ere protagonista izango dira, arinak eta azken modako prozesadoreekin. Apelen Macbook Air-i erantzuteko asmoa dute eta badirudi tableten famari aurre egiteko gakoarekin eman dutela. Bestalde, Microsoften agurra iritsiko da 2012ko azoka honetan, aurten azken aldiz parte hartuko baitu bertan. Hori dela eta, Steve Ballmer presidenteak hitz batzuk egingo ditu azoka abiatzeko ekitaldian.