Teknologia -
Gidatze birtuala
Posiblea da, jada, bolanteari eta errepideari kasu egin barik gidatzea
'Platooning' Tecnaliak sortutako programari esker, gidatze birtuala gauzatutako ametsa da. Gidariak telefonoz hitz egin eta portatila erabiltzeko aukera izango du isunei beldurrik izan gabe.
Erredakzioa
Gidarientzako azken berrikuntza Tecnalia euskal enpresaren eskutik iritsi da; hain zuzen ere, horri esker gidariek ez diote aurrerantzean zertan bolanteari heldu. Sakelako telefonoa erabili, egunkaria irakurri, jan... Denetarik egiteko aukera izango da, inolako kezkarik gabe.
Autoan horrelakoak egiten dituztenek ez dute isunik jasoko, autoa ez baitu gidariaren tokian doanak gidatuko; pilotuaren lekuan eserita joango da, bai, baina ez du izango bolantea zertan ukitu.
Mirariaren arduraduna ‘Platooning' gidatze birtuala ekarriko duen programa da. Berari esker, posiblea izango da, adibidez, hiru auto kamioi baten atzean ilaran jarri, honi 'lotu' eta gidatze birtuala martxan jartzea.
Programari esker, kontsumoa % 20 murriztuko da, batez ere ibilgailuek airearen aurkako erresistentzia txikiagoa egiten baitute elkarren atzean joanda. Garraio iraunkorra ere bultzatzen du, eta kamioien eta autoen gidarien atsedena erraztu.
Bi-hiru urtean, martxan
Hala ere, sistema horrek eragozpenak ere baditu; izan ere, autoek 'lotutako' ibilgailuaren abiadura berean joan behar dute.
'Platooning' programa Sartre Europako proiektuari dagokio, eta Tecnaliak proiektu horretan duen egitekoa izakiaren eta makinaren arteko harremana garatzea da; hau da, gidariarekin zerikusi zuzena duen sisteman sakontzea. Proiektuak bi urte daramatza indarrean eta interes handia piztu du. Teknologia berria bi-hiru urteko epean martxan izango dela aurreikusten dute.