Teknologia -

Kontuz 'malware'arekin

Kupidok gezi pozointsuak ere baditu

San Valentin egunean birusak areagotu egiten dira Interneten. Adituek zenbait gomendio eman dituzte: erosketak konfiantzazko webguneetan egitea eta ezagunek bakarrik bidalitako artxiboak zabaltzea.

Birusak areagotu egiten dira San Valentin eta antzerako data esanguratsuetan. Argazkia: culturacion
Birusak areagotu egiten dira San Valentin eta antzerako data esanguratsuetan.
Birusak areagotu egiten dira San Valentin eta antzerako data esanguratsuetan. Argazkia: culturacion

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun enpresek Interneteko erabiltzaileei zuhur ibiltzeko esan diete San Valentin egunean, otsailak 14. Egun horretan, Cupidok maitasuna eta maiteminduentzako opariak alde batera utzi eta geziak 'malware'ez pozointzen ditu, ordenagailuak eta sakeleko bestelako gailu elektronikoak birusez pozointzeko.

Zibergaizkileek edozein data esanguratsu aprobetxatzen dute gaiztakeriatan ibiltzeko. Eguberriak, Aste Santua edota Maiteminduen egunak data aproposak dira Interneten segurtasuna arriskuan jartzen dituzten artxiboak aurkitzeko.

Kaspersky, Eset, Panda eta antzerako enpresek ez dute maitasunaren errezetarik, baina bai ziberkrimenak saihesteko hainbat gomendio.

Kasperskyk, adibidez, gomendioak eman dizkie Interneten bikote bila edota San Valentineko opariak erosten dituztenentzat. Bikote bila dabiltzanei ezezagunei datu pertsonalik ez emateko esan diete, ezta pasahitzik edo 'chat' batean sarbide-klabeen berri eman ere.

Artxibo ezezagunekin, kontuz

Beste aholku bat sare sozialetako pribatutasunaren konfigurazioa egiaztatzea da eta gure informazioa nork ikusi dezakeen erabaki. Gainera, ezagun berriekin artxiborik ez partekatzea ere komeni da, 'malware'a izan dezaketelako.

Interneten opariak erosteko asmoa dutenei, enpresak konfiantzazko webguneetan erostea gomendatzen die. Ezezagunek bidalitako zorion-mezurik ez irekitzea ere komeni da, eta sakeleko gailu elektronikoen kasuan, mezuak eta irudiak pasahitz bat erabilita gordetzea gomendatzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea