Teknologia -
Birus informatikoa
Chrome bitartez Facebookeko kontuak lapurtzen dituen birusa zabaldu da
"Zure Facebookeko birusak ezabatzen ikasi" izenburuarekin, ustezko programa honek kontrakoa egiten du.
Erredakzioa
Zibergaizkileak programa gaizto bat zabaltzen ari dira Facebookeko kontuak lapurtzeko helburuarekin. Gainera, etekin ekonomikoa ere ateratzen dute.
Programa Chromeren denda ofizialaren bitartez zabaltzen ari da, ustez Facebookeko birusak ezabatzeko. Baina iruzur honen biktimak kontrakoa lortzen dute eta zibergaizkileen esku jartzen dituzte euren kontuak.
Facebookek eta Chromek arrakasta itzela dute, eta hori aprobetxatuz, gaizkileek malware hau garatu dute.
Kasperskyk eman du birus honen berri eta Chromeko denda ofizialean aurkitu dutela iragarri dute. "Zure Facebookeko birusak ezabatzen ikasi" izenburuarekin, ustezko programa honek kontrakoa egiten du.
Programa hau jartzen duten bezeroek, birusa hartzen dute eta pribatutasuna arriskuan jartzeaz gain, etekin ekonomikoa ateratzen dute gaizkileek. Azken hauek, "atsegin dut" aukera enpresei saltzen diete, sare sozialetan ospea handitzeko asmoz. Mila "atsegin dut" bakoitzeko, 27 dolar jasotzen dituzte.